CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte
Jon Urzelai Urbieta zumarragarrak zientzia-kazetaritza kategorian aipamen berezia jaso du. Aurtengoan 64 lan aurkeztu dira bost kategoriatan
CAF-Elhuyar sariak gaur banatu dituzte. Tartean, goierritar bati aipamen berezia egin diote: Jon Urzelai Urbieta zumarragarrari, zientzia-kazetaritza kategorian. Urzelaik Pentsatu, ez sinistu programa gidatu du KKinZona irratian pandemia garaian. Epaimahiak aitortza egin nahi izan dio izurriari buruzko kontzeptuak«sineskeriei, sasiegiei eta teoria negazionistei aurre eginez eta kultura zientifikoa zabalduz» argitzen dituelako. Halere, sari nagusia Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak irabazi du, Etxeko leihoak naturaren behatoki lanarekin. Naiz egunkari digitalean argitaratu zuten iazko martxoan. Gainerako sarituak hauek izan dira.
Dibulgazio-artikulu orokorraren saria | Nahia Seijas Garzon |
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren saria | Ainara Sangronoiz Agudo |
Neiker Sari Berezia | Asier Alvite Arregi |
Garaileek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.
#CAFEhuyarSariak
— Elhuyar (@Elhuyar) April 27, 2021
Aurten, zientzia-kazetaritzaren kategorian beste lan batek aipamen berezia izan du, Jon Urzelai Urbieta #zumarragarraren “Pentsatu, ez sinistu”. Lan hau @kkinzona98 irratian emititu zen. pic.twitter.com/Jxs1IneudF
5.000 euroko bi beka ere banatu dituzte, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duen proiektuak bultzatzeko asmoz: bata Itxaso Navarro Celestinok jaso du Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua lanarengatik; eta bestea Ander Gortazar Balerdik eta Jacek Markusiewicz-ek jaso dute, 15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak lanarengatik.
CAF-Elhuyar sarien helburua zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatu, saritu eta aitortzea da. Gustura agertu dira antolatzaileak aurtengo uztarekin. Aurten, 64 lan jaso dira, eta, parte-hartzaileen artean, genero-oreka egon da.
Omendua, Agirre medikua eta euskaltzalea
Elhuyarren Merezimendu Saria Jabier Agirre Lasartek jaso du. Euskalgintzan ibilbide luzea izan du mediku honek, eta zientzia-dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lana aitortu nahi izan zaio. Saria Elhuyar Fundazioaren patronatuak ematen du eta euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea du helburu.