Herritarren kooperatibak, energia sortu eta kudeatzeko
Foru Aldundiak kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu du. Ekitaldia Legazpiko Agirre Etxeberri etxean izan da eta Goierri garaiko ordezkariek parte hartu dute. Herritar kooperatibek eguzki energia sortu eta kudeatuko dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren energia kooperatiben proiektua aurkeztu du Goierri garaian. Herritarrek irabazi asmorik gabeko kooperatiba hauetan parte hartzeko aukera edukiko dute. Kooperatibek eguzki energia sortu eta kudeatuko dute, beraien hornidurarako. Egitasmo honi esker, herritarrek energia garbia kontsumituko dute eta dirua aurreztuko dute (%20-30). Kooperatiba hauei Ekiola izena eman diete.
Egitasmoa mankomunitateei aurkezten ari dira eta atzo Goierri garaiko aurkezpena izan zen, Legazpiko Agirre Etxeberri etxean. Egitasmoa Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, Monica Pedreira Ingurumen zuzendariak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak aurkeztu zuten.
Ekitaldian Koldobike Olabide Legazpiko alkateak, Jon Luqui Urretxuko alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Itziar Salaberria Uggasa garapen agentziako kudeatzaileak eta Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak parte hartu zuten.
Ekiola kooperatibak irabazi asmorik gabeko kooperatibak dira. Herritarrei eguzki energia sortzeko eta kudeatzeko aukera ematen diete. Herritarrek energia hori beraien hornidurarako erabiltzen dute. Kooperatiba horiek Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritza enpresarekin batera sustatzen dira, horiek baitira Ekiolak Gipuzkoan dituen instalatzaileak.
Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamentuak eta Ekiolak elkarrekin lan egingo dute Gipuzkoan elektrizitatea teknologia fotovoltaikoarekin sortzeko. Kontsumo kooperatibak sistematikoki eta modu ordenatuan ezartzeko plangintza dute eta herritarrek eta erakundeek kooperatiba horietan parte hartzea bultzatu eta erraztuko dute.
Kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu, oso epe luzerako (25 urte edo gehiago). Instalazio horiek pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko dira. Erabiltzaileek egun baino % 20-30 gutxiago ordainduko dute argindarraren truke.
Adierazpenak
Asensiok eta Ansolak komunikabideekin hitz egin zuten bilerara sartu aurretik. «Udalak herriak eta herritarrak hobeto ezagutzen dituztenak direnez, udalekin batera lan egiten ari gara. Udalaren laguntza berebizikoa da», esan zuen Ansolak.
Herritarrak parte hartzera animatu zituen. «Energia demokratizatzeko aukera bat da. Herritarrak dira protagonistak. Parke fotovoltaikoaren jabe izango dira eta bertan sortzen den energia beraien etxeetara bideratuko da. Eredu bezala kooperatiba aukeratu dugu, Euskadin tradizio eta indar handia duen eredua baita. Herritarrek diru-laguntzak izango dituzte inbertsioa egiteko orduan eta, gainera, gutxiago ordainduko dute argindarraren truke».
Asensiok Gipuzkoak mendekotasun handia duela eta bere energia sortzeari ekin behar diola esan zuen. «Iraultza bat egin behar dugu eta horretarako herritarrak erdigunean jarri behar ditugu. Trantsizio hori egiteko denen arteko elkarlana beharrezkoa da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza eta Energiaren Euskal Erakundea ere egitasmo honetan parte hartzen ari dira».