Aurtengo CAF-Elhuyar sariek badituzte jabeak
CAF-Elhuyar sariak banatu ziren atzo, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Nahia Seijas Garzon, Ainara Sangroniz Agudo, Iñaki Sanz Azkue, Asier Alvite Arregi eta Itxaso Navarro Celestino izan ziren sarituak. Jon Urzelai Urbieta zumarragarrak zientzia-kazetaritza kategorian aipamen berezia jaso zuen.
Urzelaik Pentsatu, ez sinistu programa gidatu du KKinZona irratian pandemia garaian. Epaimahaiak aitortza egin nahi izan dio izurriari buruzko kontzeptuak, «sineskeriei, sasiegiei eta teoria negazionistei aurre eginez eta kultura zientifikoa zabalduz», argitzen dituelako.
Pentsatu, ez sinistu irratsaioaren ildoa aurtengo sariketaren leloarekin bat dator: Ezagutza da txertoa. Denera 64 lan aurkeztu dira bost kategorietan. CAFek eta Elhuyarrek lankidetzan sustatutako lehiaketak zientziaren eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea du helburu. Bi beka ere banatu zituzten.
Jabier Agirre Lasarte medikuaren eta euskaltzalearen lanari ere aitortza egin zioten sariketan. Zientzia-dibulgazioan eta euskararen normalizazioan urte luzetan aritu da lanean.













