Beasaingo EH Bilduk "bizitzak erdiguneak" jartzeko jardunaldiak antolatu ditu
Ostiralean hasita, au saio egingo dituzte 'Beasain bizitzak erdigunean jartzen' lemapean. Arazoez hitz egin eta konponbideak identifikatu nahi dituzte.
Beasaingo EH Bilduk Beasain bizitzak erdigunean jartzen jardunaldia antolatu du. Eztabaidarako gunea izatea nahi dute, Covidak herritarren artean eragin dituen arazoak elkarbanatzeko eta konpontzeko. Lau saio izango dira denera. Lehendabizikoa etzi izango da, 17:00etan Igartzako Jauregian. Izena eman behar da aldez aurretik: bildubeasain@gmail.com helbidera edo 644 949 157 telefonora idatzi behar da horretarako.
Aitor Urdangarin EH Bilduko zinegotziaren hitzetan Beasainek halako «arnasgune» baten beharra du. «Covidaren eraginez nekatuta gaude, estresak eta antsietateak jota; ziurgabetasuna ere agerikoa da; etorkizuna ere ezin dugu planifikatu; lan baldintza txarrak kaxkartu egin dira; zaintza lanak egitea tokatu zaigu; eta gozatzeko aukerarik ere ez dugu, harremanak eta aisialdia mugatuta ditugulako. Bakarrik eramateko zama handiegia da». Lehen saioa bizipenak trukatzeko erabiliko dute. «Jendeak hitz egiteko eta entzuna izateko gogoa du», somatzen du zinegotziak.
Bigarrengo saioan, maiatzaren 18an, zaintza lanen aferari helduko diote: «Beasaindarrok elkar zaintzeko zein egitura dugun aztertuko dugu. Eta nolako zaintza sistema nahi dugun hausnartuko dugu», aurreratu du Urdangarinek; hirrugarrengoan, ekainaren 8an, etxebizitza ereduaren inguruan arituko dira. «Beasainen 1.000 etxebizitza hutsik daude. Halere, gurasoen etxetik joan nahi duten gazte asko kanpora joatera behartuta daude, bertako prezioak jasanezinak direlako», azaldu du; laugarren eta azken saioan, ekainaren 23an, hausnartutakoa nola gorpuztu eztabaidatuko dute.
Bidean Irati Mogollon soziologian lizentziadunak lagunduko die. «Teoria eta praktika uztartuko ditugu. Saioen lehen zatia teorikoagoa izango da, abiapuntu gisa arazoak planteatuko ditugulako. Gero ekingo diogu eztabaidari», azaldu du. Mogollon talde-dinamikak gidatzen aditua eta aritua da. Besteak beste, Beasaingo EH Bilduk martxoan antolatutako zaintza arkitekturaren inguruko saioa gidatu zuen.
«Espazio zabalak»
Urdangarinek aipatu du, Beasaingo eragile ezberdinekin harremanetan jarri direla saioak jende gehiagorengana irits daitezen. Halaber, herritarrei parte hartzeko deia egin die. «Espazio zabala izango da, beasaindar guztiei bideratuta».