Galtzada zaharrean barrena
Idiazabaldik abiatuta, Urtsuarango galtzadan barrena bisita gidatua egin dute,. Covid garaira egokitutako aire libreko ekintzak bultzatzeko programaren barruan
Urtsuarango galtzada zaharra ezagutzeko ibilaldia egin zuten igandean, Idiazabalgo Udalak apirilerako antolatu duen Aire aire programaren barruan. Programa horrek, COVID-19aren testuinguruan, aire libreko ekintzak bultzatzea du helburu. Plan interesgarria, bizitokitik gertu dauden tokiak ezagutzeko.
Herritik abiatu eta lehen geldialdia, Idiazabalen, galtzada hasten den puntuan egin zuten, Iruingoena baserri ondoan. Bertan, galtzadaren historiaren xehetasunak eman zituzten, baita Urtsuarango historiaren berri ere. Bidean jarraitu aurretik, Xabi Elortza musikari idiazabaldarrak, musukitarra eta alboka jo zituen, bai Idiazabalen, bai Urtsuaranen, tradizio handia izan duten musika tresnak, biak ala biak. Han agur esan eta, Landarregi baserri ingurura gerturatu ziren. Han ikusten da, Segura aldera doan galtzadaren zati bat. Azkeneko urteetan, Idiazabalgo herritar batzuen ekimenez, Urtsuarango galtzadaren hainbat zati berreskuratzeko lanak egin dira. Harria bistan jarrita dago. Eta horietatik igaro zen ibilaldia.
Ama birjinaren hanka arrastoan ere geldialdia egin zuten. Galtzadaren puntu bitxietako bat da hori. Kalbario bat ikus daiteke eta herrian kontatzen dute, ama birjina bertan jarri zela, eta marka hori utzi zuela. Bertatik igarotzen diren urtsuarandarrek, zulotxo horretan ura topatzen bazuten, hatzak busti eta bedeinkatzeko ohitura dute.
Ibilbidean aurrera, Urtsuaran auzora iritsi ziren, eta bertan Lourdes Mintegiren eta Ainhoa Mujikaren ahotik, auzoak azken urteetan izan duen entzun zuten. Txikienentzat jolas bat ere egin zuten han. Xegunda buruhandiaren bila ibili ziren. Olea baserrian zegoen ezkutatuta.
Herrirako buelta, Urtsuaran erreka ondotik egin zuten.