12 herritarrek eman dute izena eta aparkalekuko eremua itxiko dute
Santa Luziako zubi azpiko karabana eta autokarabanak aparkatzeko eremua hamabost egunetan erabilgarri izatea aurreikusi du Ezkio-Itsasoko Udalak. Ibilgailu horiek herrian arazoak sortzen zituztela eta, Santa Luziko eremu horren erabilera arautzeko ordenantza onartu zen martxoaren 18ko ohiko bilkuran, eta erabiltzaileek izena emateko epea ireki zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren lursaila denez, Aldundiari baimena eskatu zion udalak, eta egokitzapen lanetarako langile bat kontratatu du. Tomax Etxaniz alkateak azaldu du aparkalekua egokitzeko materialaren zain daudela eta hori jaso bezain pronto ekingo diotela: «Udalak esparrua itxiko du ibilgailu horiek dituzten herritarrek erabil dezaten».
Besteak beste, herrian erroldatuta egotea eta ibilgailuaren zerga bertan ordaintzea ziren aparkalekua erabiltzeko baldintzak. Udalak aurreikusitako izen emate kopurua izan da, eta 12 herritarrek eman dute izena. Aurrerantzean Santa Luziako zubi azpian aparkatu beharko dituzte karabanak eta autokarabanak. Urtean, bakoitzeko 50 euroko kuota ordainduko dute. Hori izango da ibilgailu horiek uzteko eremu bakarra, eta debekatuta egongo da herriko beste edozein eremutan aparkatzea.