Lazkaon euskara indartzeko lau urterako herri estrategia plana zehazten hasi dira
Lehen urratsa, herritarrek dauzkaten kezkak, irudipenak eta balioak azaltzea da, galdetegi bat beteta. Gehiago erabiltzea da helburua, horretarako ekintzak plangintza batean diseinatuta
Euskararen Plan Estrategikoa datozen lau urterako zehazteko langintzari heldu dio Lazkaoko Udalak, eta herritarrekin eta euskara eragileekin elkarlanean landu nahi du. Lehenbiziko zeregina jada abiatu dute, herritarren iritziak, oldozpenak eta ekarpenak jasotzeko galdetegia. Emun aholkularitza enpresak gidatuko du prozesua, eta bi fase landuko ditu: diagnosia eta helburu estrategikoen diseinua.
Azkeneko helburua, garbia da: «Etorkizunera begira Lazkaon euskararen erabilera indartzen eta sustatzen jarraitzea, euskara izan dadin herriko hizkuntza nagusia», azaldu du udalak. 2021-2024 eperako estrategia finkatu nahi dute orain.
Galdetegia betetzeko modua badago jada, lazkao.eus atariaren bidez. Lazkaon euskararen egoera deskribatzeko, herriak arlo horretan dituen hiru balio adierazteko, euskararen egoerari buruzko kezka eta behar nagusiak, erronkak eta lortu nahi dena, eta aldatu beharrekoak galdetzen zaizkio herritarrari.
Estrategia eta helburuak
Herritarren iritziaz gain, diagnosia osatzerako garaian, euskalgintzako eragileen eta herriko elkarteen iritzia ere jasoko du Emunek. Plana bertatik jasotako emaitzekin osatzea eta mamitzea da asmoa, «dokumentua Lazkao eta lazkaotarren momentuko errealitatera eta etorkizunera ere egokitu dadin».
Gaur amaituko da galdetegia betetzeko epea. Behin norbanakoen eta taldeen ekarpenak jasotakoan, diseinuari helduko diote. Bilera ireki batzuk egingo dituzte, diagnostikoaren emaitzak aurkezteko eta horiek oinarri hartuta, etorkizuna irudikatu eta planaren helburu zein lehentasunak identifikatu eta zehazteko. Hain justu, estrategia eta ekimen zehatzak argitu nahi dituzte.
Euskararen kale erabileraren neurketak «txarrak ez» direla dio Kepa Zubiarrain alkateak, «baina datu horiek hobetu ditzakegu oraindik». «Guztion erronka eta lana da gure hizkuntza babestu eta erabilera indartzen jarraitzea, Lazkaok herri euskalduna izaten jarrai dezan eta euskara izan dadin herriko hizkuntza nagusia», esan du alkateak.