Unai Iribar garaile 87. Santikutz Klasikan
Laboral Kutxa taldeko Unai Iribar ibartarrak jantzi du txapela aurtengo Santikutz Klasikan. Mikel Mujika legazpiarrak tarteko helmugen saria eraman du.
Iaz, pandemiak sortutako egoera dela eta, ezin izan zen lasterketa ospetsua antolatu, baina gaur denak emanda atera dira txirrindulariak 86. Santikutz Klasikan. Zalantzarik gabe Unai Iribar ibartarra izan da gaurko lasterketako protagonista, ibilbide guztian zehar nabarmendu dena eta azkenean Santikutzeko lehen postua eraman duena. Alabaina, hau ez da izan Iribarrek eraman duen sari bakarra, izan ere, Laboral Kutxakoak lehen gipuzkoarraren saria, lehen euskaldunaren saria eta 23 urtez azpikoen lehenengo saria ere eskuratu ditu gaurko klasikan.
Lasterketan Iribarren atzetik geratu dira Lizarte taldeko Pau Miquel, bigarren postuan, eta talde bereko Igor Arrieta, hirugarren postuan. Pau Miquelek, ordea, bigarren sari bat ere eraman du gaurkoan, Espainiako Kopako lider berriarena hain zuzen. Bestalde, Espainiako Kopako elite mailan Alberto Serrano kokatu da lider berriaren postuan.
Mendiko irabazlea, Torredonjimeno lasterketako bera izan da, Caja Rural taldeko Iñaki Diaz txirrindularia, Espainiako Kopan bigarrena denboraldi honetan. Gaurkoan Yurgen Ramirezekin puntuetan berdinduta amaitu duen arren, helmugan lehenago sartu da Iñaki Diaz, 14. postuan.
Taldeka, Eolo Kometa izan da hoberena gaurko lasterketan. Rafa Diazek zuzendutako taldeak hiru txirrindulari sartu ditu lehenengo bederatzi postuetan: Davide Piganzoli laugarren postuan sartu da, Fernando Tercero seigarrenean eta Vicente Hernaiz bederatzigarrenean.
Goierritar bat ere igo da podiumera gaurko 86. Santikutz Klasikan. Tarteko helmugen saria etxean geratu da Caja Rural taldeko Mikel Mujika legazpiarrak lortutako emaitzari esker.