Herria hezten jarraitzera
Zaldibian beste urtebete luzatu dute herri hezitzaile proiektua. Haurren eta gaztetxoen beharrak oinarri hartuta, iazko bideari segiko diote. Gaztetxoekin prozesu bat egingo dute maiatzean
Herri hezitzaileen sareko udalerri iaz bihurtu zen Zaldibia, eta lanketa horrekin aurrera jarraitzeko erabakia berretsi dute orain. Zaldibiako Udalak eta OinHerri herri hezitzaileen sareak ostiralean berritu zuten beste urtebeterako lankidetza hitzarmena. Herriko haur, gaztetxo eta kolektibo zaurgarrienak «erdigunean» jarri eta inguruan dauden sektore guztiekin «guztientzat pentsatutako herri bat eraikitzeko bidea» jorratzen jarraituko dute hala.
Herrien arteko elkarlanean eta babesean oinarritzen da OinHerriren sarea, sustatzaileek esan dutenez. 25 udalerri dira gaur egun kide, bakoitzaren esperientziak, ekimenak eta ondorioak elkarrekin banatzeko kanalak dituzte.
Beti ere haurren hezkuntza «ardura konpartitu gisa» ulertuta. «Familia eta eskolaz harago, herria bera eremu hezitzaile moduan ulertzen dugu, eta herritarrak eragile hezitzaile kontsideratzen ditugu. Eta hezkuntza ez da haurtzarora mugatzen: hiltzen garen arte hezigarriak eta hezitzaileak gara», azaldu du OinHerriko Maite Azpiazuk.
Gaztetxoekin lanketan
Hitzarmena berritzeaz eta urte askorako elkarlana igurikitzeaz gain, gaztetxoekin hasiko duten lanketa baten berri ere eman dute. Udalak, OinHerrik eta Emun aholkularitza enpresak landuko dute. Covid izurritearen garaiari erreferentzia eginez, gaztetxoek ere «garai zailak» dituztela sumatu dute; «bizitzako sasoi horretan dituzten gizarteratzeko beharrak oso mugatuak dituzte eta euren hitza entzunarazteko espazio eta eszenatokiak falta dituzte».
Gaztetxoak ere herrian «eragile» izateko dagoeneko ari dira Berdintasun Arloko proiektu batean parte hartzen, «baina herrian gaztetxoen artean sumatzen den beharra kontuan hartuta», beste partaidetza prozesu bat hasiko dute 11 urtetik 15era bitarteko zaldibiarrentzat. Haien ideiak, beharrak eta nahiak plazaratzeko aukera izango dute.
Bi saio «ludiko eta praktiko» egingo dituzte Emun-eko aholkulari Eresti Oiarbidek eta Ihabar Arriaranek gaztetxoekin. Lehenengoan diagnostikoa osatuko dute, eta bigarrena identifikatutako beharrei irtenbidea emateko saioa izango da.
Herriaren mapa kolektibo bat egingo dute, gaztetxoak ardatz dituena. Kaleko txokoak ezagutu eta haien gustukoenak, garrantzitsuenak, edo faltan sumatzen dituztenak antzemango dituzte. «Horrekin batera, herriarekiko duten pertzepzioa jasoko dugu», azaldu du Ihabar Arriaran aholkulariak.
«2021ean egiteko proiektu batzuk irudikatu nahi dira, ondoren udalari aurkeztu eta martxan jartzeko, aurrekontuaren arabera. Ideazio saio bat egin, proiektu batzuk definitu eta lehentasunen ariketa bat egingo dugu». Proiektuen eta ekimenen zerrenda bat osatuko dute.