«Argazki on bat bilatu egin behar da, denbora hartuta eta asko ibilita»
Ez da geldirik egotekoa Carlos Iraeta argazkilaria (Itsaso, 1964). Eta bada. Langintza asko probatu eta egindakoa, eskulan eta proiektu ugari dauzka. Baina argazki bat egiteko, bi ordu egon liteke geldi.
Bigarren urtez, mendiko argazkien erakusketa jarri duzu Lazkaon. Zer moduz joan da?
Ondo. Nahiko jende joan zen. Askok ez zekiela kontuan izanda, eta Covid-aren gaiarekin beldurtuta dagoela jakinda, gustura. Joan zirenei gustatu zitzaien.
Amalur taldearen Mendi Astean kolaboratzeaz gain, mendian ere ibili zara?
Bai, 2007an hasi ginen, eta iaz konfinatu aurreko Arbanako azkeneko irteerara arteko argazkiak jarri ditut, 80 bat. Iaz jendea atera nuen, aurten paisaiak. Etxean neuzkan beste 11 ere jarri nituen, azken momentuan, besteak gutxi irudituta. Mendi irteeretan ateratzen ditut argazkiak.
Aurreneko erakusketak al dituzu?
Ordiziako Ortzadar argazkilari elkartean gabiltza, eta han urtero jartzen dugu bat edo bi. Altamirako Altarten, Beasaingo Aterpen eta Ordiziako institutuan ere izan naiz. Han argazki bitxi samarrak erakutsi nituen; adibidez, 6-7 metroko armiarma sare bat, eta tanto bakoitzean islatuta zer ikusten den.
Askori bezala, mendizaletasunak ekarri dizu argazkilaritza?
Bai, baina lehenengo irteera Bartzelonara egin nuen, autoen feria ikustera, anaiaren reflexa hartuta. Gero askorik ez nuen ukitu, eta alaba mendi taldean hasi zenean, eta hazten hasi zenean, orduan erosi nuen kamera bat, eta hortik hasi nintzen. Alabak utzi zion mendira joateri, baina nik segitu egin dut. Txangoetako argazkiekin bideoa prestatu, eta disko batean ikastolara eramaten nituen.
Harra piztu zitzaizun, beraz.
Horixe bera. Hasten zara, gustatu, zerbait erraza egindakoan zailagoaren bila segitu… Eta azkenean, lortzen duzu. Nire kasa hasi nintzen, Ataunen ikastaro pare bat eginda; Ortzadarren beranduago sartu nintzen. Argazkiak ateratzea da gakoa, batera eta bestera ibiltzea.
Lazkaoko ekitaldi batzuetan ere aritu izan zara.
Zawopi taldearekin laguntzen hasi nintzen, Astotxo egunean. Muntaian ibiltzen naiz, elektrikari eta mantenimendu lanetan lehenago denetarik ibilitakoa naiz eta. Gero, argazkiak ateratzen ere bai. Behin hasi, eta kito; horrek ere katigatu egiten du, ondo pasatzen dugu eta.
Argazki-erreportari senik bai?
Jendeari ateratzen ez naiz ausartzen. Batek nahi duenean edo eskatzen didanean ateratzen dizkiot, baina bestela ez. Hori oso konplikatua da. Lehengoan, adibidez, errugbi partida bat ikustera Gasteizera joan, eta hegoafrikar batek hango taldeko beste hiru kiderekin argazkia nahi zuela esan zidan. Mordoxka atera nizkien, eta partidako guztiak ere bidali nizkion. Eskatutakoa bada, bai; baina argazki lapurtu esaten dena, ez zait gustatzen.
Zer une, gai, leku dituzu kutunak argazkiak ateratzeko?
Paisaia, eta elurrarekin baldin bada, askoz hobeto. Opakua, Urbasa… gustatzen zaizkit asko. Pilatosen Balkoia oso polita da elurrarekin. Eta, gero, loreak, makroarekin. Bat ikusiz gero, ordu erdi edo ordubete pasako nuke.
Denbora ere bai baita argazkigintza, ala?
Bai. Azkena elurra egin zuenean, Lazkaotik Olaberriara oinez joan nintzen, eta Olaberriko zubian armiarma sarea tantoekin ikusi nuen. Aterkia jarri, makurtu, eta bi orduan egon nintzen. Argazkian, tanto bakoitzean Eguzkialde etxea elurretan azaltzen da.
Alderdi artistikoari asko erreparatzen diozu?
Bai. Iazko itxialdian zerbait berezia egitea pentsatu nuen: ur tantoak neu sortzen hasi nintzen. Elektronika eta informatika bidez tantoak kontrolatuta ateratzen dira. Sistema guztia egiterako, denetik ukitzen da.
Tanto sistema eraiki duzu?
Ur tantoa elektrobalbulatik zein milisegundotan aterako den kontrolatzen dut. Tantoak, erori eta lurra jotzen duenean, gora egiten du berriz, banandu egiten da; eta, orduan, bigarren tantoak goitik jotzen dio. Prozesu horretan, istant horretako argazkiak dira. Forma bereziak ateratzen dira: dantzari bat izango balitz bezala, takoidun zapata baten antzekoa… Argazki bakarrak dira, ez hamarreko seriekoak, eta flaxa ere kontrolatuta.
Zein dituzu argazkigintzan erreferentzia?
Argazkilari asko daude. Niri besteen argazkiak ikustea gustatzen zait: nola dauden eginda, zer dagoen eginda… Sarritan argazkilari berri baten lanak gehiago inspiratzen nau, jende askok bilatzen duen beste argazkilari baten lanak baino. Argazkilari famatuak argazki mugitu bat ateratzen du, eta esaten du apropos egin duela. Nik pentsatzen dut ezetz. Argazki on bat ateratzeko bilatu egin behar da. Zuri-beltzekoak asko baloratzen dira, indarra daukatelako; baina koloretan ez badu lortu zuri-beltzeko kalitatea, ez dit balio. Iruditzen zait hori dela zaila.
Zer sortzen ari zara orain?
Tanto-sistema aurten hobetzeko asmoan ari naiz. Bigarren ekipoa muntatuta daukat. Eguraldia epeltzeko zain nago, tantoa lortzeko likidoak tenperatura bat behar baitu, eta hotz dagoenean ez da berdin. Gero, Ortzadarrekin Ordiziako errefotografiak egiten ditugu: 750. urteurreneko argazki zaharrak hartu, leku bereko berriak atera, eta biak nahastu. Ez gara aspertzen, horrelako gauzetan pasatzen dut denbora. Mendian argazkiak ateratzen ere segituko dugu.
Lanean, 40 metro altueran edo 400 metro lur azpian
Itsasoko Errazti baserrian jaioa, 11 senidetan gazteena. 17 urterekin irten zen kanpora, anaia batekin Ordizian tabernan lan egitera. Lehen lana, ordea, aita igeltseroarekin Gabiriako medikuaren etxeko teilatuan izan zuen, 15 urterekin. Tabernan bost urte jardun zen. «Sartzen nituen orduekin, edozein igeltsero-peoik gehiago irabazten zuen. Utzi, eta elektrikari hasi nintzen».
Mantenimendu eta instalazio lanetan, «40 metro altueran edo 400 metro lur azpian» ibiltzea tokatu zitzaion: Troiko meategietako galerietan eta autobideetako tuneletan, edo tentsio handiko dorreetan eta antena-errepikagailuetan. Eskulan asko egitea eta teknika askotarikoak ikasi beharra egokitu zaio horietan: zutoinen zuloak eskuz egitetik, elektrika, elektronika, iturgintza, mekanika, sopletista, galdaragintza… Orain argazkilaritzan aplikatzen ditu, beste argi bat lortzeko helburuarekin.