Ikasleek Beasaingo Udalari basoak babesteko neurriak eskatu dizkiote
2030 Agenda proiektuaren barnean inguruko basoen egoera aztertu dute: kutsatuta daudela ondorioztatu dute. Kezkatuta daude. Ikasleek gizalegez jokatzeko ardura hartu dute
Beasaingo bost ikastetxeetako ikasleek herriko basoak kutsatuta daudela ondorioztatu dute. Eskola Agenda proiektuaren Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuen artean basoen egoera aztertu dute eta kezkatuta amaitu dute. Zaborrak eta hondakinak botata aurkitu dituztela eta autoek airearen kalitatea txartzen dutela azaldu zuten.
Leire Artola alkateari eta Adur Ugartemendia Lurraldea Saileko batzordeburuari egoeraren berri eman zieten herenegun egindako bileran eta neurriak eskatu zizkieten. Udalak Bista Alai kaleko bideko itxitura berrituko dutela erantzun zien, Sagastiguti parkera autoei sarrera eragozteko; zakarrontzien hustuketa eta garbiketa indartu dutela ere esan zien. Sagastigutin, esaterako, astean hiru bider husten dira edukiontziak orain, gainezka egin ez dezaten. Halere, ikasleei esan zieten zaborrontzien kopurua handitu beharrean hobe dela bakoitzak bere zakarrak etxera eramatea eta bertan egoki kudeatzea, lurrera bota gabe; zuhaitzak soilik gaixorik daudenean, erortzear daudenean eta udalerriko azpiegituren instalazioetan arazoak sortzen dituztenean mozten dituztela azaldu zieten, beti adituen oniritziarekin.
Ikasleek gizalegez jokatzeko ardura hartu zuten. Basoak eta bertako bizidunak zainduko eta errespetatuko dituztela zin egin zuten, zaborrik bota gabe eta lurrean dagoen jasota; ingurune naturalak gehiago baloratuko dituztela ere esan zuten. Izan ere, atera duten ondorioetako bat da gaztetxoek ez dituztela natur inguruneak behar bezala ezagutzen. Ikasleen artean mendira joatea ez da aisialdiko lehen aukeretako bat, eta ez dute inguruko «altxor naturala» ezagutzen: «Zuhaitz eta landare espezie ezberdinez osatutako biodibertsitatea». Asteburuetan txangoak egingo dituztela hitz eman zuten, tabernetan sartuta egon beharrean.
Ikasleek ikasturtean zehar hainbat txango egin dituzte inguruko basoetara, osasun egoerak utzi dien moduan.













