Jakitea elkarteko Xabier Zabaletak ebaki du Idiazabal gazta berria
Ordiziako Oiangu parkean egin da ekitaldia bigarren urtez, COVID-19 testuinguruan eta azoka berezirik gabe. Gaztari eta artzainei keinuak izan dira nagusi ekitaldian
Jakitea Elkarteko Xabier Zabaletak ebaki du Idiazabal gazta berria. Atzo goizean izan zen, eta Oiangun egin zuten ekitaldia. Hantxe egiten duten bigarren urtea da. Bigarren urtez jarraian, COVID-19 testuinguruan eta azoka berezirik gabe.
Eszenatoki, data eta testuinguru desberdinean, baina ekitaldi ofizialaren nondik norakoak, betikoaren kutsua izan zuen. Erakunde desberdinetako ordezkariak izan ziren bertan. Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek ongietorria eman ostean, Ordiziako alkate Adur Ezenarrok hartu zuen hitza. Ekitaldian parte hartu zuten gonbidatuei zuzendu zitzaizkion lehenik. Jose Mari Ustarrozi, «Idiazabal Gaztaren alde hainbeste urtez egindako lanagatik», zein erregulartasun sariak jaso dituztenei, baita gazta ebakitzeko ardura izan zuten Jakiteako kideei ere: «Eskerrik asko, gure sukaldaritzatik beti Idiazabal Gaztarekiko apustua egiteagatik, eta egoera zail eta ilun hauetan ostalaritzan aurrera egiten jarraitzeagatik». Azoka ere hizpide izan zuen Ezenarrok: «Ordizia ezin da gure azokarik gabe ulertu, garena zor diogu». Eta Idiazabal gazta, «gure DNAren zati bat da», aldarrikatu zuen: «Euskaldunon nortasunaren zati handi bat zor diogu». «Inoiz baino beharrezkoagoa da geureari eustea, geure altxorra den artzainen gazta erostea», amaitu du.
Arantxa Tapia Ekonomiaren, Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren esanetan, «Latxa esnearen garrantzia, honek ematen digulako gaur ospatzera etorri garena. Baina, baita ere, gure artzainei, nolabait aurrera egiteko eta beraien baserriak eta negozioak aurrera egiteko aukera». Gehitu zuen, «artzainek eta ardiek laguntzen digute ez bakarrik beraien negozioak aurrera egiten, baizik eta herriari egiten diote ekarpena, gure mendiak, gure larreak zaintzen laguntzen digutelako, eta bioaniztasunari ere egiten diotelako mesede».
Xabier Arruti aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, betiko diskurtsoak utzita, bertso parea bota zuen. Artzainei zuzendutakoa bata, «artzain izateagatik jasan behar» izan dutenari erreferentzia eginez, eta «agur sentikor» bat bidali zien. Bestea, Jose Mari Ustarrozi eskeinia, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deituragatik egindako lan guztia eskertuz.
2020 urteko kanpainako datuak eman zituen Miriam Molina Idiazabal Gazta Jatorrizko gerenteak. Azkeneko urtea «larria, zalantzaz betea, izan bada ere, bide zuzena» hartu dutela nabarmendu du. Ekoizpen datuak «normalak» izan direla adierazi du, «%3 behera egin du». Gaztagileek egindako «esfortzua zoragarria» izan dela ere esan du.
Bi sariak Idiazabalera
Jarraian, erregulartasun sariak eman dituzte. Artisau gazta egile kategorian, Ander Barandiaran (Gaztainaditxulo gaztandegia, Idiazabal) izan da saritua. Gaztandegi saritua berriz, Abel Goiburu (Goiburu gaztandegia, Idiazabal) izan da. Aitortza berriz, Jose Mari Ustarrozi egin zioten, Idiazabal Gaztaren alde hainbeste urtez egindako lanagatik. Ustarroz, Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakaritzan 17 urtetan egon da.
Azkenik, Idiazabal gazta berriaren ebakitzeko ohorea Jakitea elkarteko kideek izan zuten. Elkartearen izenean, Donostiako Aratz erretegiko Xabier Zabaletak ebaki zuen gazta berria. Jakitea, betiko euskal sukaldaritza indartu eta sustatzeko helburuarekin sortu zuten, zenbait sukaldarik eta gastronomia kritikok. Gazta moztearekin batera, «eskerrak» eman zituen Zabaletak. Ostalaritza sektorea bizitzen ari den «momentu zail honetan» gazta ebakitzea «ohore bat eta bultzada bat» dela nabarmendu zuen.