Sitsak ez dezan oihala jan
Segurako Aste Santuko prozesioetan erabiltzen diren 400 bat oihal garbitu eta sitsen kontra tratatu dituzte Donostiako enpresa batean. Orain Seguran daude berriz ere, sakristia gainean prestatutako txokoan.
Goierrin bi herritan bakarrik egin ohi dituzte Aste Santuko prozesioak. Legazpin 2018an berreskuratu zuten 70 inguru legazpiarrek 40 urtez galduta egon zen ohitura, eta Segurakoa, berriz, 300 urte baino gehiago dituen ohitura da. Azken honetan, ehunka herritarrek parte hartzen dute Ostegun Santuan eta Ostiralen Santuan egiten dituzten prozesioetan.
Hamar irudi pisutsu eramaten dituzte herritarrek Seguran. Besteak beste, piedadea, ama birjina, ama doloretakoa edo baratzeko otoitza. Iaz eta aurten, ordea, nahiz eta elizkizunak egin diren, bertan behera geratu dira Aste Santuko prozesioak osasun egoeragatik, eta irudiak gordeta geratu dira. Baita irudiak apaintzeko eta herritarrek janzteko erabiltzen dituzten oihalak ere. Denbora luzez ukitu gabe egon direnez, Segurako parrokia batzordeak oihal horiei kontserbazio tratamendu bat ematea erabaki du.
Horrela, 400 bat oihal garbitu eta sitsen aurka tratatu dituzte Donostiako enpresa batean. Penitenteen, txistularien, soldadu erromatarren, aingeru txikien, aingeru handien, San Migelen, nazarenoen, santu eramaileen eta irudien jantziak, alegia. Tartean, 50 tunika, 70 kaputxadun tunika, 15 soineko eta 5 kapa. «Bi urtez geldi egon da arropa, eta gaizki jartzeko arriskua zuen», azaldu du Laureano Telleria prozesioko antolatzaileak.
Sakristia gainean
Tratamenduak hiru aste inguru iraun du, eta Seguran daude berriro jantzi denak: «Atzera ekarri dituzte eta bere lekuan txukun jarri ditugu; gainetik estaltzea bakarrik falta da». Parrokiko sakristia gainean horretarako prestatutako lokal berezian jarri dituzte. Garbiketa eta kontserbazio prozesu hori martxan jarri duten lehen aldia izan da.
«Balio handiko oihalak» dira Segurako Aste Santuan erabiltzen dituztenak. «Aurreko urte batean pertxen egurrarekin arazo bat izan genuen eta zulatutako arropa dago, eta hori saihesteko erabaki genuen tratatzea». Segurako Udalak ordaindu du erdia, eta parrokiak beste erdia.
Etenik gabe
Duela 40 urte inguru, herri gehientsuenetan egiten ziren prozesioak, baina ohitura eten egin da leku askotan. Hondarribiko prozesioarekin batera, Gipuzkoako zaharrenetarikoa da Segurakoa, eta bi horiek eutsi diote tradizioari etenik gabe. 1730. urteko dokumentu batean aipatzen denez, «antzina antzinatik» egiten da Seguran, eta 2.000 pieza baino gehiago erabiltzen dituzte arropak, farolak, kandelak eta bestelako elementuak batuta. Fedeaz aparte, ekintza garrantzitsua izaten da segurarrentzat, eta gazte zein helduek gozatzen dute festaz.
Urtebete egoten dira oihalak gordeta. Koronabirusa dela eta, baina, denbora gehiago egongo dira erabili gabe. Emandako tratamenduaren bidez, sitsak oihala jan, zulatu eta kaltetzea saihestu dute.