Astelehenean Urtsuaranen egingo du udalak lehen auzo bilera
Idiazabalgo Udalak parte hartzea sustatuko duen ekimen berri bat jarri du abian. Auzoz auzo bilerak egingo dituzte herritarrekin, haien beharrak, interesak eta nahiak ezagutzeko. Guztira bederatzi bilera egingo dituzte herriko auzo desberdinetan. Lehenengoa astelehenean izango da, Urtsuarango elkartean, eta azkena uztailaren 5ean, Goatse-Egileor auzoan. Ordu berean egingo dituzte bilera guztiak: 17:00etan.
Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, landa eremuko auzoetako bizilagunen beharrak identifikatzea eta horren inguruko lanketa egitea da egitasmoaren helburua. Asteleheneko Urtsuarango bileraren ondoren, Arizti-Goiburu aldeko bentatxikin egingo dute bigarrena, hilaren 17an. Maiatzaren 24an Gainekerea auzoko bizilagunekin egingo dute bilera, iruinerdikoan, eta hilaren 31n Akutain aldeko urrutikoetxen.
Udara arte behintzat iraungo du prozesuak. Ekainaren 7an Arimasagastikoen txanda izango da, eta jauregian elkartuko dira. Ekainaren 14an Urbizuko elkarte ondoan, ekainaren 21ean Korta Oiarbideko barrenekoan eta ekainaren 28an Ondramuño-Gurutzeta aldeko baselizan. Uztailaren 5ean amaituko dute bilera erronda, Goatse Egileorren. Egitasmoaren inguruko zalantzak argitzeko 943 18 71 00 zenbakira deitu daiteke.













