Beasainentzat ligaxkako azken partida izango da etxean; BKLk ere, etxean
Beasain futbol taldeak San Inazio hartuko du bihar, 16:00etan. Igoera fasean etxean jokatzen duten azken partida izan daiteke. Aurrera egiteko aukerekin jarraitu nahi badute, derrigor, irabazi egin behar dute. Lehen itzulian lortu zuten gasteiztarrak menderatzea.
Goierri Gorrik ere bihar 16:00etan jokatuko du, Barakaldon. Aurkari arriskutsua da, bizkaitarrek ez dutelako partida bakar bat ere irabazi oraindik, baina erlaxatuz gero gauzak zail jartzeko gai direlako. Gorriek azken lau partidetatik hiru irabazi dituzte eta jaitsiera postuetatik kanpo daude, puntu bakarrarengatik bada ere. Aurkari zuzenek elkarren aurka jokatzen dutenez, irabaziz gero aldeak handitzeko aukera dute. Taldeko bigarren posturaino igo daitezke.
Saskibaloia
Bestalde, Arri BKLk Atletico San Sebastian jasoko du etxean, 18:00etan. Lehen fasea amaituta, laranjak federazio kopa jokatzen ari dira. Asteburu honetakoa hirugarren partida izango da. Halere, lehen fasean lortutako puntuek balio dute. Arri BKLri atzetik aurrerako lanak egitea egokitzen zaio, hortaz.
Partida guztiak ateak itxita jokatuko dira. Online jarraitu beharko dira. Beasainen lehia klubaren youtubeko kanalaren bidez eskainiko dute; Arri BKLk twitch bidez eskainiko du partida. Barakaldok ez ditu bere partidak eskaintzen.