Gaztetxoekin herri hezitzaileaz lehen lan saioa bihar egingo dute Zaldibian
Udaberria loretan egitarauari aste honetan ekin ondoren, asteburuan izango da Zaldibian bigarren saioa. OinHerri elkartearen eta Emun aholkularitzaren eskutik, 11-15 urteko gaztetxoekin lanketa hasiko dute, lehenengo topaketa eginda. Herri Antzokian da Zaldibi gaztetxoen kabi partaidetza prozesuko aurreneko saioa, bihar 17:30ean. Hurrengoa maiatzaren 15ean dira egitekoak, antzokian 11:00etan. Gaztetxoen beharrak, nahiak, premiak eta balioak jaso nahi dituzte, plan bat osatzeko.
Hain justu, maiatzerako kultura-agendan iragarritako Udaberria kantuz ikuskizuna gaur zen egitekoa, baina atzeratu dute. Ez dute datarik ezarri.
Bi ikastaro eta arropak
Cebanc zentroak, bere aldetik, argazkigintza digitalaren eta etxeko lehen sorospenen ikastaroak antolatu ditu Zaldibian. 20 ordukoak dira, euskaraz eta doan. Izena kultur etxean eman behar da, maiatzaren 12a arte.
Gazte asanbladak eta Etxekonekok elkarteak, berriz, Arropa Bankurako bigarren bilketa egingo dute. Gaur (17:00-19:00), bihar eta etzi (11:00-13:00) plazan jasoko dituzte erabilitako arropak, ahal bada sailkatuta.













