«Txikienekin naturaltasun osoz landu behar da gaia»
'Xomorro lapurra' album ilustratuaren egileetako bat da Irati Garmendia ordiziarra. Bularreko minbiziaren gaia jorratzen du, eta gaia txikienei gerturatzeko aitzakia bat ere bada.
Irati Garmendiak (Ordizia, 1994) Xomorro lapurra album ilustratua argitaratu berri du. Ane Arzelus ilustratzailearekin elkarlanean egindako argitalpena da. Oraindik, sarritan, naturaltasunez hitz egiten ez den gai bat dakar: bularreko minbizia.
Nondik nora dator Xomorro lapurra, zure lehen ipuina?
Bizipen pertsonal batean dago oinarrituta. 2017. urtean, nire amari bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta kolpe latza izan zen, sekula ez zaudelako horrelako albiste bat jasotzeko prestatuta. Tokatu arte ez dakizu nola erreakzionatuko duzun. Ikaskuntza handia izan zen prozesu osoa. Ondoren, amonari ere diagnostikatu zioten. Bigarren horretan, aurretik ikasitakoa aplikatu, eta amaren kasuan bezala, aurrera egitea besterik ez da geratzen.
Bi esperientzia horiek kontuan hartuta, aprobetxatuz denbora libre gehiago nuela, eta idaztea beti gustuko izan dudanez, iragan martxoko itxialdian, idazten hasi nintzen, terapia moduan, barruan nuena ateratze aldera edo.
Argitaratzeko asmoarekin hasi zinen?
Istorioa idatzita nuela, neure buruari galdetu nion ea zer egingo nuen material horrekin. Hala, gertuko ilustratzaile batekin kontaktuan jarri, eta haren bidez jakin nuen Bikoteka tailerraren inguruan.
Zer da Bikoteka?
Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatzen dute, ea idazle eta ilustraileei zuzendutako beka bat da. Nire testua bidali nuen eta hautatua izan nintzen. Iragan urtarrilean egin zen tailerra eta han ezagutu nuen album ilustratu honen ilustratzailea, Ane Arzelus.
Tailerra primeran joan zen, oso-oso interesgarria izan zen. Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Yolanda Arrieta idazleak eman zuten tailerra eta sekulako esperientzia izan zen. Han ikasi nuen, nire testuak eraldaketa bat behar zuela. Nire testua hirugarren pertsonan zegoen idatzita, oso luzea zen, elkarrizketak falta ziren, umeen begiradatik kontatzea….
Aberasgarria beraz…
Bai, zeren orain, testua eta irudia batera doaz, bata bestea gabe ez da ulertzen, osagarriak dira. Kasu honetan, testua da Kattalinen, protagonistaren, ahotsa, eta irudian, xomorroa ageri da beti. Xomorro lapurra, beraz, nire eta Aneren lana da, biona da proiektua.
Ate asko jo behar izan dituzue?
Batzuk bai, eta azkenean, Erein argitaletxeak argitaratu du, sortu genuen moduan, aldaketarik egin gabe, eta asko-asko pozten nau horrek.
Pertsonaiaren izena, ilustrazioen koloreak,…
Euskarazko bertsioan Kattalin izena jarri diogu protagonistari, gaztelerazko ‘catalinas’ hitzetik dator. Titiak izendatzeko modua, alegia. Gaztelerazko bertsioan berriz, Lola izena du protagonistak.
Koloreei dagokienez, xomorroa arrosa kolorekoa da, bularreko minbiziaren kolorea delako. Katxalin elkartearen xingola arrosa da baita ere. Keinu bat dela esan daiteke.
Zer erakusten du album ilustratu honek?
Oso delikatua den gai bat, sentsibilitatez lantzeko aukera bat da. Umeen begiradatik landua, modu oso sotilean. Minbizia hitza ez da inongo momentutan agertzen. Uste dut minbizia hitza etiketa bat baino ez dela eta umeei ez diela ezer esaten.
Kontakizuna, modu oso fisikoan dago eginda; itxura bat ematen zaio minbiziari, kokatu egiten du,… Haurrek minbizia irudikatu dezakete amaren titian, eta sinbolismoz betea dago.
Horrelako kasu bat etxean izan gabe, egoera horretara prestatzeko aukera bat da, beraz.
Bai, hala da! Erreminta bat da, minbizi kasu bat gertuan izan ala ez. Etxean izan ala ez, egunerokoan, gertuan, minbizi kasuak ezagun ditugulako, beraz, zergatik ez txiki-txikitatik honen jakitun egin.
Zu zeu, haur txikien irakasle zara, horrelako materialaren beharra sentitu duzu?
Ez zait tokatu minbiziaren gaia gelan tratatzea, baina bai sentitu nuen amari diagnostikatu ziotenean, hutsune bat. Baina hori gertatzen da beste gauza askorekin ere; noiz hitz egiten digute sexuaren inguruan? eta heriotzaren inguruan? Sexualitatea gure egunerokoan dago eta heriotza da daukagun gauza ziur bakarra gure bizitzan. Minbizia ere gure egunerokoan dago, gertuago edo urrunago, eta uste dut, naturaltasun osoarekin landu behar dugula txikienekin ere.
Aurkezpenik egiteko aukerarik izan duzu?
Emakume idazle euskaldunen inguruko egitasmo bat egin berri dute Ibarran, eta horren barruan, Ibarrako eta Tolosako eskoletako haurrei egin dugun lana aurkezteko aukera izan dugu. Gaur egungo baldintzetara egokitutako aurkezpena izan da, bideo batzuen bidez. Hala izanda ere, aurkezpen horretan, haurrak animatu genituen beraien xomorroak marraztera, eta oraintxe, ikusgai daude Ibarrako Kultur Etxean dagoen erakusketan. Maiatzaren 13an, hiru liburu zozkatuko ditugu partaideen artean. Bestalde, Erein argitaletxearekin ere egingo dugu aurkezpena, nahiz eta oraindik ez dugun data zehaztuta.
Non eskuratu daiteke?
Toki desberdinetan: Erein argitaletxearen webgunean, Elkarren ere bai, eta herrietako liburu denda txikietan.
Bestelako proiekturik baduzu esku artean?
Oraindik ez dut gehiegi aurreratu nahi, baina, bai, banabil idazten, eta Ane marrazten. Oso ongi ulertu gara, eta badugu beste proiektu bat elkarrekin. Esango dudan gauza bakarra da, ez dela orain argitaratu dugun honen jarraipena izango.
Bestalde, itxialdian Erraietatik Hazitik Kimura sortu nuen. Haurrentzako euskarazko materiala aurki daiteke bertan, beste gauza batzuen artean.Horren barruan, Xomorro lapurra album ilustratuan landu dugun gaia jorratzen jarraitzeko asmoa ere badut aurrerago.