Igandetik aurrera ez da mugikortasun mugarik eta etxeratze agindurik izango
Espainiako Gobernuak alarma egoera indargabetu eta gero, EAEko Auzitegi Nagusiak baimendutako neurriak bakarrik jarriko ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak. Ostalaritzak 22:00ak arte zabaldu ahal izango du.
Ez mugikortasun mugarik, ez etxeratze agindurik. Hori izango da bihartik aurrera Hego Euskal Herrian biziko den egoera. Izan ere, Espainiako Gobernuak larunbat gauerdian indargabetuko du zazpi hilabetez indarrean izan duen alarma egoera. Ikusteko zegoen Eusko Jaurlaritzak zein neurri gehigarri hartuko zituen, baina atzo EAEko Auzitegi Nagusiak esandakoari men egin dio azkenean, eta ez du mugikortasun mugarik eta etxeratze ordutegirik ezarriko.
Ostalaritza eta bestelako kultur eta merkataritza jarduerek 22:00ak arte egon ahal izango dute zabalik. Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, joan-etorrien gaineko debekuak indargabetuta ez du zentzurik ostalaritzari, joko aretoei eta barnean egiten diren kirol jarduerei eragiten zien debekuak mantentzeak.
Edukierari dagokionean, tabernen eta jatetxeen barnealdean %50ekoa izango da, eta debekatuta jarraituko du barran edo zutik kontsumitzeak. Mahaiek gehienez ere lau lagunekoak izaten jarraituko dute.
Gainontzean, bertan behera geratu da gehienez lau lagun elkartzeko araua. Bi kasutan soilik mantenduko da: ostalaritzan eta kirolean. Kirol instalazioen aforoa ere %50ekoa izango da, %35ekoa aldageletan, eta gehienez sei lagunek bildu ahalko dute.
Neurriak malgutzeak, ordea, ez du esan nahi dena libre izango denik. Kirol ekitaldiek ikuslerik gabe izaten jarraituko dute, eta, besteak beste, itxita jarraituko dute elkarte gastronomikoek, gazte lokalek edota gaueko aisialdiarekin lotutako lekuek.
Herritarrei deia
Dena den, lehendakariak esan du frogatuta geratu dela orain arteko neurriak eraginkorrak izan direla, eta herritarrei eskatu die haien borondatez gauez kalean ez ibiltzeko eta lau lagun baino gehiago ez elkartzeko.
Urkulluk argi utzi du Jaurlaritzaren nahia lehen indarrean zeuden neurri murriztaileekin jarraitzea zela: «Alarma egoera mantendu behar zela esaten jarraitzen dut; beste alternatibaren bat ere bazegoen, baina EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak ez digu beste irtenbiderik utzi». Aipatu du bereziki kezkatzen duela etxe eta gune itxien barnean gerta daitekeenak.