Udalak jasangarritasun batzordea eratzeko oinarriak zehaztu ditu
Gizarte eragileek, elkarteek, erakunde publikoetako adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek osatuko dute. Jasangarritasun energetikoko politikak diseinatuko dituzte
Beasaingo Udalak jasangarritasun energetikoko batzordea eratzeko lehen urratsa eman du. Udalbatzak batzordearen araudiari hasierako onespena eman zion EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen.
Batzordean helburuak, besteak beste, energiaren inguruan landuko diren herriko egoeraren azterketa sustatzea, energiarekin zerikusia duten udal politikaren jardun-ildoak proposatzea eta gaiarekin lotutako udalaren planen eta politiken jarraipena egitea eta hauen eragina aztertzea dira. Osaketari dagokionez, udaleko ordezkari politikoez eta teknikoez gain, langile ordezkariek, Beasaingo enpresetako eta elkarteetako ordezkariek eta energiaren inguruan ikasketak edo lanpostua duten herritarrek parte hartuko dute.
EH Bildu ez dago ados puntu honekin. Koalizio abertzaleak dio herritarren parte hartzea mugatzen dela. “Egon daiteke kasuistika bereziren bat herritarren batena ez duena ikasketa berezirik baina gaiaren inguruko interesa duena”. Adur Ugartemendia Lurraldea Saileko batzordeburuak erantzun zien aztertu dituzten kasu guztietan azpimarra egiten zela herritarrek ikasketak edo lan esperientzia izatea. “Hau proposamenak ekarri eta aztertu behar dituen mahaia da. Profilak oso teknikoa eta jakituna izan behar du gai hauetan”. “Arraroa egiten zait aditua izatea formakuntza edo lan aldetik esperientziarik gabe”, gaineratu zuen. Halere, batzordean herritarren presentzia “gehigarri potente bat” izan behar dela aipatu zuen.
Soslai teknikoaz gain, herritarren parte hartzea lau lagunetara mugatuta dago. EH Bilduko Nerea Manzisido bozeramaileak kupoa ezabatzeko eskatu zuen. “Ez dago aukerarik [araudian] jartzeko herritarrek etorri ahala hartuko dutela parte? Gehiengo bat jarri beharra dago? Guretzako, horrelako batzorde bat eratzeko araudi bat formulatzen dugunean lehentasunezkoa izan beharko luke herritarren parte hartzea bultzatzea”. Leire Artola alkateak erantzion zion esanez arautegiak alkateari eskumena ematen diola parte hartzaileen zerrenda egokitzeko. Bileretara “bost edo sei” lagun joateko arazorik ez dela egongo esan zuen, “baina gehiago badira zozketa bidez erabakiko da”. Ugartemendiak gaineratu zuen parte-hartzaileen kopurua mugatuta batzordea osatuko dutenen arteko oreka bermatuko dela. “Ez diogu atea ixten lau elkarte eta bost edo sei herritar izateari, baina kontuan izanda lau elkarte edo lau enpresa gonbidatuko direla, iruditzen zaigu lantaldeari balantza bat ematen diola”. Lan-talde txikiagoa izanda funtzionamendua eraginkorragoa izango dela ere aipatu zuten.
Jasangarritasun batzordea urtean lau aldiz elkartuko da, gutxienez.
Jaurlaritzak behartuta
Jasangarritasun batzordea Eusko Jaurlaritzaren EAEko jasangarritasunari buruzko 4/2019 legeak behartuta sortuko dute. Legeak dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioek eta udalerrietako administrazioek batzorde bana izango dutela jasangarritasun energetikorako gaia jorratzeko. Hala, gizarte eragileek, elkarteek, erakunde publiko adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek jasangarritasun energetikoaren politika diseinuan eta erabakietan “benetan” parte hartzen dutela ziurtatu nahi da.