Apalategi Beka Ataungo toponimoak sailkatzeko eta arautzeko izango da
Juan Arin Dorrontsororen toponimia-bilketak jaso, atondu, digitalizatu eta leku izenak erabiltzeko eran arautzea da xedea. Egitasmoa maiatzaren 31 arte aurkez liteke. Beka 10.000 euro da
Joxemartin Apalategi Begiristain antropologoaren omenez (Ataun, 1949 Bilbo, 2006) bigarren beka-deialdia atera du Ataungo Udalak. Lehenengo deialdiko emaitza, Bizitzak erdigunean: Ataungo zaintzaileen genealogia feminista azterlana, «laster» aurkeztuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
2021eko deialdiaren muina toponimia izango da. Baina ez bilketa, lan hor mardulki egina utzi baitzuen Juan Arin Dorrontsoro Don Joantxiki etnografo eta historialariak (Ataun, 1892 1972). Hain zuzen, hark egindako Ataungo toponimia-bilketa «jasotzea, sailkatzea eta arautzea» da xedea. Euskarri digitalean dago Arin Dorrontsororen lana, eta hura atondu, digitalizatu eta arautuko du bekadunak, «izenak erabilgarri izan daitezen».
Euskaltzaindiaren irizpide onomastikoak eta arauak aintzat hartu beharko dira. Banaka nahiz taldean aurkez liteke; unibertsitate-ikasketak eta C1 mailako hizkuntza eskakizun titulua behar dira. Interesatuek Ataungo toponimia atontzeko egitasmoa txosten-memoria aurkeztu beharko dute, gehienez 15 orrikoa, maiatzaren 31rako, Ataungo udaletxean.
Bekaren saria: 10.000 euro
«Beka hau ez da jasotze, sailkatze eta arautze lanaren ordainsaria, eginkizun hori egiteko laguntza baizik», zehaztu dute bekaren oinarrietan. Bekaren kopuru ekonomikoa 10.000 eurokoa da, lau zatitan ordainduko dena.
Proiektuaz gain, aurkezpena, onomastika ikasketa bereziak eta lanak, Ataunen eta bertako hizkeraren ezagutza, eta epaimahaikoekin elkarrizketa baloratuko dituzte. Alkateak, zinegotzi batek, Euskaltzaindiko bi kidek, eta Apalategi familiakoek osatuko dute epaimahaia.