«Diskoak biltzen duen abesti bakoitza hego bat da aireratze honetan»
Ianire Aranzabe (Altzaga, 1999) Esanezin musika proiektuaren sortzailea da. 'Aireratzen' izenburupean, lehen diskoa kaleratu du. Nortasun propiodun zazpi abesti biltzen ditu.
Gosea egiten hasteko, ostiralean atera zen Esanezin proiektuaren diskoaren aurrerapen kanta. Nola esnatu zinen?
Espero baino goizago, emozionatuta, urduri,…. mila sentipenekin barruan! Asko kostatu da lan hau egitea eta kaleratzea, testuinguruak ez du lagundu, eta espero baino beranduago aterako da diskoa, baina iritsi da, eta oso-oso pozik nago. Ostirala, egun oso berezia izan zen.
Entzun ahal izan den lehen kanta… zer konta dezazu?
Inork entzuten ez gaituenean du izenburua eta abesti horrekin eman nahi dudan mezua da, bizitzan ze konplikatua den entzuna izatea. Nabarmentzen du baita ere, inork entzuten ez gaituenean, ixiltasun eta bakardade momentu horietan egiten den auto ikaskuntza lan horren garrantzia.
Bideoklip eta guzti dator…
Bai, eta horren prozesu osoa ez da batere erraza izan, pandemia erdian egonda, nahiko murriztuta egon garelako. Gainera, niretzako guztiz berria da bideoklip bat grabatzea eta abesti bat, irudietara eramatea, baina laguntzaile bikaina izan dut ondoan, Arri Iraeta zumarragarra. Hark zuzendu, grabatu eta editatu du. Eta behin emaitza ikusita, asko gustatu zait! Oso-oso pozik nago. Oztopoak oztopo, benetan merezi izan du.
Aurrerapen abestia bai, baina eta diskoak, bere osotasunean, zer biltzen du?
Aireratzen du izenburu eta zazpi kanta biltzen ditu. Batzuetan, diskoa egiten hasi baino lehenago finkatzen da abesti kopurua. Kasu honetan, ez. Zazpi abestiak eginda nituela, garbi nuen, diskoa horiekin egingo nuela. Ez bat gutxiago, ez bat gehiago.
Horietako bakoitza hego bat da aireratze honetan. Horietako bakoitza aldaketa prozesu baten parte da; bizitzan ezer ere ez garbi izatetik, bapatean dena garbi ikustera pasatzen zaren momentu hori da. Nire burua ulertzen lagundu didate, eta nire burua maitatzen bereziki. Beste Ianire bat sortu dute.
Terapia bat izan da beraz…
Guztiz! Txikitatik entzun dut musika asko, baina nerabezaroan modu kontzienteago batean entzuten hasi nintzen. Lain taldearen Irudiak abestia lehenengoz entzun nuenean, oso identifikatuta sentitu nintzen, eta esan dezaket, momentu horretan sortu zela Esanezin proiektu musikala, nahiz eta lehen kontzertua eman arte denbora bat pasa zen. Musikak bizitza salbatu zidan.
Bidelagun nortzuk izan dituzu?
Pertsona askoren lanari esker izan da hau posible, eta denei eskerrak eman nahi dizkiet. Lehenik eta behin, nirekin hasiera-hasieratik proiektu musikal hau garatzen aritu den Uriol Flores. Lehen bi abestietako musika sortu zuena, grabaketa estudioan sartzean asko lagundu didana,…
Grabaketa Bartzelonan egin genuen, Turonet estudioan, Claudi Arimany-rekin. Grabaketarako Guillem Callejonen laguntza ere izan genuen, gitarra eta baxuarekin. Eta masterizazioa, Aberin estudioan egin genuen, Nafarroan, Iñaki Llarenarekin.
Finantzaketa, crowfunding bidez izan da, ala?
Bai, hala da! Kanpainan parte hartu zuten guztiei ere eskerrak proiektu honetan laguntzeagatik. Helburu ekonomikoa jarri genuen, 40 egunetan betetzea espero genuena. Eta bi astetan bagenuen diskoa grabatzeko nahikoa. Sekulakoa izan zen!
Estiloari dagokionez, zer?
Oinarria pop-a da, eta balada ukituak daude, Katamaloren estilora. Indie zertzeladak ere badaude, sintetizadoreei esker. Ukitu horiek, nortasun propioa ematen digute. Entzuteko atsegina, erraza eta dinamikoa.
Letrekin bakarrik ez, musika sortzen ere animatu zara…
Beldur pixka bat banuen, exijentzia maila oso altua jartzen dugulako sarri, eta ez nuelako nahi, lehen aldia zen aitzakian, edozein konposiziorekin konformatu. Lehenengo aldia izanda ere, kalitatezko zerbait nahi nuen, benetan gustura utziko ninduen zerbait egitea… Eta egia esan, harrituta nago, zeren estudiora maketarekin iritsi nintzen, eta uste nuen, aldaketak egitea gomendatuko zidatela. Eta ez! Oro har, abestiak sortu nituen moduan daude. Prozesu oso aberasgarria izan da, eta abestiak erabat nireak sentitzen ditut.
Diskoa argitaratuta, orain egindako lana erakusteko garaia hasten da…
Bai, hala da! Baina gauzak nahiko konplikatuak dira orain. Onartzen dut, gai horren inguruan galdetzen didatenean, ez dudala erantzuteko gogorik izaten, baina tira…
Esan dezakedana da, gure asmoa zela, aurkezpen kontzertu batzuk ematea, bira moduko bat egitea, baina urrian Ordizian dauden entsegu lokalak itxi zizkiguten, eta itxita jarraitzen dute. Toki horren faltan, beste tokiren batzuk baloratu genituen, baina orain arte, herritik ateratzeko ere mugak egon dira.
Eta bai! taldea osatu eta entseguekin hasteko irrikan gaude, lehenbailehen, publikoa aurrean dugula, disko berri hau aurkeztu nahi dugu.
Formatu akustikoan, zu zeu gitarrarekin ere ederki moldatu zara orain arte. Aukera bat da?
Posible da! Baina lehen esan dudan moduan, taldean taularatu nahi dugu lan hau, diskoan entzun daitekeen moduan, banda formatuan dauden abestiak oso-oso politak geratu direlako. Baina, hori ezin bada, aukera bat da, akustikoan egitea.
Aireratzen lan berri hau atera berria da, baina ari zara abesti berriak sortzen?
Ba egia esan, egunero idazten dut, beraz, materiala badut, baina orain ez dut burua hurrengo disko batean jarrita. Orain, argitaratu berri dugun lan honekin disfrutatzeko momentua da, entzuleei gerturatzekoa.