Ezkioko udaleku irekietan parte hartzeko izen emate epea ireki dute
Beste hainbat udalerritan bezala, Ezkioko Udalak ere udaleku irekiak antolatu ditu datorren udarako, eta izena emateko epea dagoeneko ireki du. Uztailaren 1etik 30era izango dira udalekuak, 10:00etatik 13:00etara, 3 urtetik aurrerakoentzat. Txikienak, beraz, 2018an jaiotakoak izango dira. Ordaindu beharreko kuota familiaren haur kopuruaren araberakoa izango da: haur bat duenarentzat 45 euro; bi haur dituenarentzat 60 euro; eta hiru haur edo gehiago dituenarentzat 75 euro.
Udaletxean eman behar da izena eta maiatzaren 28an izango da azken eguna. Izen ematearekin batera ordaintzea eskatu du udalak. Herrian erroldatuta dauden haurrek lehentasuna izango dute, eta izen-ematearen arabera antolatuko dituzte taldeak eta egitaraua.
Begiraleak behar dira
Udalekuetan begirale gisa aritzeko izen ematea ere zabaldu du Ezkioko Udalak. Udaleku orduez gain, prestakuntza orduak egingo dituzte begiraleek. 18 urte beteta izatea, begirale edota hezkuntzarekin zerikusia duen ikasketak izatea, euskara ongi menperatzea, herria ezagutzea eta eskarmentua izatea kontuan hartuko dituzte aukeraketa egiterakoan. Interesa dutenek ekainaren 4a baino lehen eman behar dute izena udaletxean, curriculuma aurkeztuta.