"Oihartek etorkizuneko modeloa oso ondo adierazten du"
Bittor Oroz sailburuordeak eta Jone Fernandez landare garapen politiketarako zuzendariak Oiharte nakazlaturismoa eta sagardotegia bisitatu dute San Isidro egunean

Eusko Jaurlaritzak Oiharte landetxea eta sagardotegia aukeratu du San Isidro egunean lehen sektoreari aitortza egiteko. “Bereziki hona etorri gara Eusko Jaurlaritzatik pentsatzen dugulako Oihartek oso ondo ordezkatzen dituela guk bultzatu nahi ditugun balioen izaera: alde batetik, emakumeen rola oso ondo ordezkatuta dago; errelebo generazionala ere bermatuta dago; eta bestetik, berrikuntzan lan asko egin duten etxe bat da. Gainera, berrikuntzatik ateratako iraunkortasuna oso ondo zaintzen den leku batean gaude” esan du Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak. Jone Fernandez Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarekin batera nekazalturismoa barrutik ezagutzeko baliatu du bisita. Maria Luisa Urrestarazuk, Haritz Egurenek eta Maite Retolazak, nekazal turismoko arduradunek, egin diete cicerone lanak. Orozok gaineratu du Oihartek “etorkizuneko modeloa” zein den “oso ondo” adierazten duela.
Ia badira 20 urte Oiharte baserria berritu eta landetxe bihurtu zutenetik. Sei gela ditu, erosotasun guztiekin. Nekaturreko sarea osatzen duten landetxetako bat da. Halere, XVI. mendeko baserriaren estiloari eusten dio: harrizko fatxada dotorea du, balkoiarekin eta arkupearekin; baserriaren egitura zurezkoa da.
2010az geroztik sagardoa ekoizten dute eta sagardotegia ere badute. Sagardoa sagar autoktonoarekin egiten dute eta Euskal Sagardoa bakarrik ekoizten dute, euren baserriko eta Goierriko beste baserrietako fruituak erabiliz. Txalaka, Gezamiña, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Errezilla barietateak erabiltzen dituzte batez ere. Jatorri izendapena duen sagardo ekologikoaz gain, Ama eta Markesa goi mailako sagardoak saltzen dituzte; baita ere sagardo izoztua eta sagar zukua; Botilez gain, sagardoa letaten ere saltzen dute. Oroz sailburuordeari esan diote ari dela latako formatua piskanaka indarra hartzen. “Probatzen duenak errepikatu egiten du”.
Oroz gazteei zuzendu zaie Oiharteko ataritik. Lehen sektorera hurbildu nahi dutenek Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundiaren laguntza izango dutela esan die, Gaztenek proiektuaren bidez. Datu batzuk ere eman ditu: 2015etik honera 511 pertsonei lagundu die Gaztenek proiektuak. Horietatik ia 200, gipuzkoarrak ziren. Gainera, gizon eta emakumeen arteko orekari eutsi zaio. “Oso modu positiboan baloratzen dugu”, borobildu du.
San Isidro, baserritarren eguna
Nekazarientzako egun berezia da maiatzaren 15a, San Isidro eguna. Kondairak dio Isidrok soroko lan guztiak eginda topatu zituela mezetatik bueltan. Miraria ospatzeko, baserritarrek jai egiten zuten gaurko egunez.