Bost herritan mobilizatuko dira Palestinaren alde
Ataungo, Legazpiko, Ordiziako, Urretxu eta Zumarragako eta Zaldibiako gazte asanbladek herriko plazetan elkartzeko deia egin dute, ostiralerako
Goierriko bost gazte asanbladak Palestinaren aldeko kontzentrazioak antolatu dituzte etzirako, kapitalismoa suntsitu, Palestina askatu! lemapean. 20:00etan elkartuko dira, Ataungo, Legazpiko, Ordiziako, Urretxuko eta Zumarragako eta Zaldibiko plazetan. “Palestinaren defentsarako eskubidea aldarrikatu nahi dugu, eta Israelgo Estatuaren sarraskia salatu”, laburbildu dute bost gazte asanbladek batera ateratako deialdian.
“Bestetik, elkartasuna adierazi nahi diegu palestinarrei. Elkartasun hori, ordea, hitzezkoa eta praktikoa izan behar da, aldi berean: salaketarekin batera sistema kapitalistaren aurka eta mundu berri baten alde antolatzeko hautua egin behar dugu, bakoitzari dagokion lekuan eta etorkizunean halakorik gertatu ez dadin”, gaineratu dute. “Sistema kapitalista da sarraski hauek onartu eta bultzatzen dituena. Sistema bera suntsitu ezean, halakoak behin eta berriz errepikatzera kondenatuta gaude”.
Israelek palestinarrak “sistematikoki” baztertzen eta erreprimitzen dituela esan dute. Baliabideak lapurtzen dizkietela ere aipatu dute. “Gainera, Mendebaldeko potentzia kapitalistek Ekialde Hurbilean dituzten interes ekonomiko eta geopolitikoek egoera hau betikotu dadin eragin dute, interes horien artean Euskal herriko zenbait politikari eta enpresenak”.