Gai organikoa Ataunen tratatzen hasiko dira, auzo-konpostaren bidez
Urtebeterako proba hasiko dute pisu-auzuneetan. San Martinen bi ontzi jarri dituzte, eta San Gregorion bat. Edukiontzi marroira ordez, han bota behar dute hondakin organikoa herritarrek
Hondakinak tratatzeko modu jasangarriagoa lortu nahian, gai organikoa herrian bertan kudeatzeko sistema jarriko du Ataunek, ekainaren bukaeran: auzo-konposta. Konposgune komunitarioak kokatuko dituzte San Martingo bi lekutan eta San Gregorion batean, etxe-bloke eta pisu gehien dauden auzoetan. Probarako urtebeteko epea eman dio bere buruari udalak, eta emaitzak ikusita, beste bizitegi eremuetara zabalduko luke.
Astelehenean bukatu zituzten atariz atari organikoa tratatzeko sistema berria azaltzeko bilerak. Izena eman behar dute herritarrek, eta maiatzaren 31ra arte dago aukera, udaletxean.
Ondoren, etxeetan sortzen den hondakin organikoa edukiontzi marroira bota beharrean, konposgailu handi berrietara botatzea izango dute egiteko bakar, poltsarik gabe. Langile batek mantenduko eta kontrolatuko ditu auzoko konposgailu horiek, buelta emanez edo ura botaz.
Inpaktua gutxitzeko
«Ataungo Udalak Europako helburuaak eta legedia beteta ditu jadanik. Ez, ordea, ingurumen-iraunkortasunari dagokionak», aurreratu du udalak. Hala, gai organikoaren tratamendua bertan eginda, ingurumen inpaktua saihestuko litzateke. «Edukiontzi marroietan jasotzen dena Nafarroa hegoaldera eramaten da gaur egun, konposta han egiteko. Gastua du horrek, garraioan eta abarretan. Hori dena gutxitu nahi da, konposta bertan eginda. Herrian sortzen den hondakin organikoari, bertan tratatu eta soluzioa eman nahi zaio», dio Naiara Munduate zinegotziak.
Oraindik ez dituzte konposgailu komunitarioak kokatu. Sistema berria ekainaren bukaerarako martxan jarri nahi dute. Gainontzeko edukiontzien ondoan egongo dira.
Bien bitartean, edukiontzi marroiek erabilgarri jarraituko dute. Bi auzo handienetan, errekaz haraindiko etxe-blokeentzat jarriko dituzte orain. Baserrietan jada bertan egiten dute, baita etxeetan ere, Sasietak bere garaian emandako gailuarekin.
Auzo-konpostak herritarrengandik erantzun ona jasoko duela uste du Munduatek. «Bileretara etorri diren guztiek baiezkoa eman dute. Ez du aparteko lanik suposatzen: ontzi batera bota ordez, bestera bota».