'Idiazabal, guztiontzako espazioak eraikitzen' prozesua abian da
Espazio publikoari eta mugikortasunari lotutako lanketa egiteko prozesua jarri du martxan Idiazabalgo Udalak. Saio irekiak egingo dituzte herritarren iritzia jasotzeko
Idiazabalgo Udalak Idiazabal, guztiontzako espazioak eraikitzen prozesua jarri du martxan. Prozesuaren helburua mugikortasunari eta espazio publikoari lotutako ikuspegia herritarrekin elkarlanean lantzea izango da, idiazabaldarren iritziak jasoz eta udal teknikariak bidelagun izanik. Herenegun egin zuten aurkezpena Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak eta prozesua garatuko duen Maialen Arregi Hiritik At kooperatibako kideak.
«Modu honetan herri estrategia adostuagoak eraikitzea bilatzen da, bisio eta behar ezberdinen araberako lehentasunak ezarriz eta herri bizigarriago eta inklusiboago baterako bidea guztion artean eraikitzeko», azaldu du alkateak. Espazio publikoaren eta mugikortasunaren inguruko epe erdiko erronkak landuko dituzte horrela, lehentasunak zehaztuz eta etorkizunari begirako erabakiak hartuz.
Hiru fase ezberdin izango ditu prozesuak, eta lehenengoa, azterketa, dagoeneko egin dute: «Udal barne mailan fase hau jada landu dugu, mugikortasunari eta espazio publikoaren logikan dauden ideiak jaso, kokatu eta ondoren lehentasunak markatzeko». Bigarren fasea estrategien diseinu komunitarioa egitea izango da. Horretarako eragile ezberdinekin bilerak egingo ditu udalak, bihartik hasita ekainaren 30era arte. Bihar, maiatzak 20, 16:00etan eta 18:00etan herriko eragileekin elkartuko dira, eta maiatzaren 27an 1. saio irekia izango da, 18:00etan udaletxe zaharrean. 2. saioa ekainaren 10ean izango da. Herritarrak prozesuko saioetan parte hartzera eta haien ikuspegia partekatzera deitu dituzte. Izena emateko 943 18 71 00 zenbakira deitu behar dute herritarrek.
Haurrei zuzendutako lan saioak ere egitea aurreikusi dute, eskola orduetan: «Espazio publikoa eta mugikortasunari lotuta beraien egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoak identifikatzeko», adierazi du Alberdik.
Ekintzak definitzea
Ekarpenak jaso ondoren, 3. fasea egingo dute. Bildutako informazioarekin, etorkizunari begirako ekintza plana garatuko du talde teknikoak, eta hori amaitzean herritarrei aurkeztuko zaie azken txostena. Ekainera arte iraungo du prozesuak. Azken saioa, deboluzio saioa, ekainaren 30ean egingo dute. Parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute aurkezpenean: «Idiazabalek erronka garrantzitsuak ditu, eta herri ereduaren eraikuntzan egin beharreko bideak herritarren parte hartzea eta politika publikoak egiteko modu berriak eskatzen ditu».