Musika eskolako ikasleen kurtso amaierako kontzertua aurreratu dute
Loinatz musika eskolako bandaren eta perkusio taldearen kontzertua izango da bihar. 30 bat musikari igoko dira oholtzara, denera. 19:00etan izango da, Gernika pasealekuko frontoian.
Hiru ordu laurdeneko saioa izango da. Programa, ordea, ez dute argitaratu: ahalik eta gauza gutxien ukitzeko ez dute programarik inprimatu, eta abesti bakoitzaren aurretik joango dira argitzen ikasleek zer eskainiko duten.
Arantxa Gastesi musika eskolako zuzendariak aipatu du ikasleak «gogotsu» daudela. «Pandemia hasi zenetik jendaurrean jotzeko aukera gutxi izan dute». Ikasturtea zaila izan den arren, gogotik lan egin dute ikasleek eta ikasitakoa erakusteko irrikaz daude.
Aldaketak
Ikasturte amaierako kontzertua ekainean eta Loinazko San Martin Plazako kioskoan izan ohi da. Aurten, ordea, frontoi txikian egingo dute. Bertan errazago kontrolatzen da edukiera eta entzuleen arteko distantzia. Gurasoek izango dute lehentasuna. Hala, ikasle bakoitzak bina sarrera jaso ditu jada. Halere, beste 46 sarrera online bidez eskuragarri jarri dituzte kontzertua edonori eskaintzeko.
Kontzertua Beasaingo Udalak antolatutako kultur egitarau berezian txertatu dutenez ekainean egin beharrean maiatzera aurreratu dute.













