Argixao adinekoen egoitzako langileen greba eta kontzentrazioa
Aldundiak ez duela beraiekin elkartu nahi salatu dute
Zumarragako Argixao adinekoen egoitzako langileek greba egingo dute bihar, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Gaur, ELA sindikatuak kontzentrazioa egin zuen Areizaga-Kalebarren plazan.
Aldundia ez dela langileekin bildu nahi eta gatazka larriagotzen ari dela salatu dute. “Pandemian gure bizitzak arriskatzeagatik aldundiarengatik jaso dugun ordaina umiliazioa eta gure lana baliogabetzea da. Hain argi daukate egoitzetako ereduak huts egiten duela, langileok ateratzen dugula aurrera, esplotatuak eta menderatuak behar gaituztela aurrera jarraitu dezan. Patronalek eta enpresek hildakoen banaketa ehorztetxeekin adosten dute eta gobernariek funts putreak babesten eta negozioz hornitzen dituzte. Guk borrokan jarraituko dugu”.
Ekainaren 14an ere greba egingo dute. “Sektore honetan bizitza zaintzen duten langileak duintzea eta baloratzea da gure helburua. Eta gure adinekoei kalitatezko zerbitzua ematea. ELAko langileok, beti esan dugun bezala, gatazkan honen konponbidearen parte gara. Sektorea finantzatzen duen aldundia eta onura ekonomikoa jaso baina hitzarmena konpontzeko ezer egiten ez duen patronala arazoaren parte dira”.