Urretxuko Pagoeta igerilekua ekainaren 28an irekiko dute
Abuztuaren 29a arte egunero irekiko dute, 11:00etatik 20:00etara. Edukiera %50ekoa izango da, bai putzuetan eta bai belardian. Taberna Kala enpresak kudeatuko du
Urretxuko Pagoeta igerilekua maiatzaren 28an irekiko da. Abuztuaren 29a arte egunero irekiko dira, 11:00etatik 20:00etara.
Koronabirusa dela eta, bigarren urtez jarraian, denboraldia ohi baino laburragoa izango da. Izan ere, koronabirusari aurre egiteko neurriek igerilekuen irekitzea garestitzen dute. Ohiko gastuei, aforoaren kontrola, protokoloak eta garbiketa berezia gehitu behar zaizkie. Instalazioen garbiketa kopurua hirukoiztu egin da pandemia dela eta.
Aforoari dagokionez, %50-ekoa izango da bai berdegunean eta bai igerilekuetan. Instalazioaren aforoa 1.685 lagunekoa denez, aurten 842 pertsona egon ahal izango dira aldi berean. Aforo honi esker, ez da beharrezkoa txandak antolatzea edo ordua eskatzea.
Bi putzuei dagokienez, handiak 595 metro koadro ditu eta 148 pertsona bainatu ahal izango dira aldi berean. Txikian 25 pertsona bainatu ahal izango dira. Igerileku txikiaren aforoa sorosleek zainduko dute. Handiarena, berriz, kamera bidez kontrolatuko da. Sistema honen bidez zenbat pertsona sartzen eta irteten diren kontrolatzen da. Aurten ere, ezin izango da putzu ertzean egon. Igerilekuko erabiltzaileak uretan edo solariumean egon beharko dira.
Bestalde, elkarrekin bizi ez direnek metro eta erdiko distantzia mantendu beharko dute. Arau horren betetzea errazteko, Urretxuko Udalak zoruan markak egingo ditu. Gainera, maskara jarrita eduki beharko da. Bainatzeko orduan edo solariumean bakarrik kendu ahal izango da.
Aldagelei eta dutxei dagokienez, aldagelek %35eko edukiera izango dute eta dutxen %35 irekiko da. Dutxetan sartzeko orduan ez da mugarik izango, indibidualak baitira.
Taberna Kala enpresak kudeatuko du. Enpresa hau Mondragon Unibertsitateko ikasleek sortu dute. Gazteak dira, baina ostalaritzan esperientzia dute eta ekitaldi gastronomikoak ere antolatu dituzte.
Bukatzeko, sei pertsona kontratatuko dira: hiru sarreran lan egiteko eta hiru sorosle. Lan eskaintza aurki publikatuko da Urretxuko Udalaren webgunean: urretxu.eus.