Bertako lehen gerezia eta piper luzea
Aste honetako Ordiziako azokan barazki eta fruta berriak, landare eskaera handia eta erosle kopurua izan dira nabarmentzekoak. Zizak ere ugari izan dira salgai, 485 kilo inguru.
Landatzeko garaia da. Ferian ere nabarmen. Udaberri udan baratzean aritzea askoz atseginagoa da eta hori salmentetan antzematen da. Profesionalek, hala beharrez, urte guztian ekoizten aritu behar dute, gustuz edota etxerako lain egiten duenak bereziki hilabete hauetan heltzen dio baratze lanari, ondorioz erosle kopuru handiagoa bakoitzak gutxiago behar badu ere. Aukera handia da momentu honetan, produktu asko eta bakoitzetik aukera handia, bereziki piper (Padron, Gernika, pipermina, kristal, pikillo, italiarra, morroa…) eta tomatetan (zeharaldatua, txertatua, Jack, Robin, arrosa, katon, gorri handia, idi bihotza, Montecarlo, gerezi tomatea…). Kuia, kuiatxo, luzoker, berenjena, erremolatxa, zerba, uraza, leka, perrexil, perrexil hezea, albaka… denetik aukeran. Prezioen berri jakiteko ordiziakoazoka.eus gunera jo daiteke. Lehen ziazerba berriak ere ekarri dituzte 0,8-1 euroan sorta.
Udaberriko zizak jende asko erakarri zuen atzo ere. Guztira orain arteko kopururik handiena salgai 485 kilo zenbatu ditugu, 17-39 euroan kiloa (gehienak 30-34 euroan kiloa).
Itsasondoko gereziak
Diana Matarranzek ekarri ditu, Aldaba Zaharreko produktuen artean urteko lehen gereziak, goizekoak 5 bat kilo, 6 euroan kiloa salgai.
Bestalde, atzo lehen piper luze gozoa ere ekarri zuen Azkoitiko Kurutziako J.M. Uzinek 6 euroan kiloa. Joan zen astean aipatu genuen hemengo tomatea ekarri zuela (4,5 euroan kiloa) Kurutziako produktu izarra esango genuke. Ez bakarra bai ugariena. Negutegiak propio prestatuak dituzte. Otsailean landatu zituzten lehen landareak. Hemengo tomatearen sasoi betea udan izaten da, uztaila nahikoa aurreratua izan ohi da lehen aire libreko tomatea jaten hasten garenerako. Bestalde, gaur egun, garaikoa izan ala ez, urte guztian tomatea jan nahi duen asko bada eta saltoki askotan izaten da aukeran. Klase ezberdinak eta garesti ere bai batzuk. Hemengoak orain jateko moduan izateko negutegiko aterpea ezinbestekoa du, tarteka berogailua ere bai. Aldiz, aire librekoa edo gustuz bere onenean nahi duenak zain egotearen xarma dasta dezake bitartean. Bezeroak du azken hitza.