Goierriko 28 bide berrituko dituzte udalek foru laguntzaz
Aldundiak laguntzea onartu dien 15 udalek 831.000 euroko inbertsioa egingo dute. Batez beste %65 finantzatuko du foru programak. Beste 23 lan ezetsi dituzte
Herri eta baserri bideak konpontzeko foru laguntza jasoko dute aurten ere Goierriko udalek. Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak atzo jakinarazi zuen 2021eko laguntza-programa nola banatu duen. Herrialde osoko udalerrien proiektu onartuen artean banatzeko, guztira 1.498.000 euro jarriko ditu aldundiak; aurten 1,2 milioi eta 298.000 datorren urtean ordaintzekoak. 2,8 milioiko inbertsioa da denera.
Goierriri dagokionez, eskualdeko 15 udalek jasoko dute laguntza, 536.875 euro guztira. Horien artean 29 bide berrituko dituzte, eta denen artean 831.500 euroko inbertsioa bultzatuko dute udalek.
Aldundiak finantzatutako portzentajea %65ekoa izango da Goierrin. Gipuzkoan, lagundutakoaren batez bestekoa %54 da.
Udal bakoitzak, aurkeztu dituen proiektuen artean, gehienez 35.000 euro jasoko ditu aurten ere, diru laguntzen oinarrietan zehazten denez. Bide berritze proiektu bakarraren artean edo gehiagoren artean banatu daiteke hornidura hori.
Zenbait udalen kasuan, laguntzaren zati bat edo bakarren batzuen kasuan guztia 2022an jasoko dute. Kasu horretan daude Ataun, Itsasondo, Zaldibia, Zegama eta Zerain.
Ezetsiak beste 23 bide
Goierrin foru laguntza jasoko duten 28 proiektuez gain, errefusatu dituzten beste 23 daude. Horietatik 9k ez dute gutxieneko balorazioa lortu epaimahai teknikoan, eta beste 13 udalak jasoko duen diru laguntza osoa 35.000 eurotik gora igaroko litzatekeelako geratu dira kanpora. Aurkeztu arren, honako proiektuek ez dute laguntza jaso: Altzaga (1), Arama (1), Ataun (3), Gaintza (1), Idiazabal (1), Lazkao (1), Mutiloa (1), Olaberria (3), Segura (2), Urretxu (2), Zaldibia (2), Zegama (1) eta Zerain (3).
Horiez gain, Enirio-Aralarko Mankomunitateak Errekabeltzeko bidea konpontzeko eskaera ere atzera bota dute, epez kanpo eta deialdiari ez zegokiolako.