«Helburua, beti, ondo pasatzea eta karrera polita egitea da»
Oneka Sanchez (Beasain, 2005) errepideko Gipuzkoako txapeldun eta pistako Euskadiko txapeldun bilakatu zen asteburu berean, kadeteetan. Orain pistako Espainiako txapelketa jokatuko du.
Maiatzaren 8an omniumeko Euskadiko txapelketa bereganatu zenuen. Eta biharamunean, errepideko Gipuzkoako txapelketa. Espero zenituen horren emaitza onak?
Ez, baina ongi egiteko esperantza banuen. Lehenago selekzioaren deia jaso nuen pistan entrenamendu batzuk egiteko eta nire burua ongi ikusi nuen. Azkenerako, aukerak dituzula sinesten hasten zara.
Nolatan hasi zinen txirrindularitza munduan?
Kimuetako bigarren urtean hasi nintzen, txirrindularitza eskolako Ampo taldean. Saskibaloian ibiltzen nintzen orduan, baina lagun baten lehengusua txirrindularitzan hasi zen eta kuriositatea sartu zitzaidan. Probatu egin nahi nuela eta horrela hasi nintzen. Hasieran ez nuen helburu zehatzik, ikastea soilik. Baina gero, kadeteetan, saskibaloia utzi nuen eta serioago hartzen hasi nintzen.
Beste mailetan ere horren emaitza onak lortu zenituen?
Kadeteetan egin dut eztanda. Lehen disfrutatzera besterik ez nintzen irteten.
Irabaztea helburua da?
Helburu printzipala ongi pasatzea da, beti. Baina, azken finean, ikusita aukerak badauzkadala beti dago pentsamendu bat esaten duena, zergatik ez irabazi. Baina helburua, beti, ondo pasatzea eta karrera polita egitea da.
Irabazteko gakoa non dago?
Burua edukitzea eta diziplina izatea ezinbestekoa da. Txirrindularitza denbora asko eskatzen duen kirola da: entrenamenduak ongi bete beharra daude, burua eduki, pazientzia… Gogorra ere bada bizikleta, gauzak gaizki ateratzen direnean behera etorri ahal zarelako.
Zenbat entrenatzen duzu?
Astean sei aldiz. Normalean, ordu eta erdi bi ordu ibiltzen naiz. Asteburuan karrerarik ez badut, bi ordu eta erdi edo hiru orduko saioak ere egiten ditut.
Baduzu entrenatzeko txoko gustukorik?
Errepidean Amezketa, Tolosa, Zumarraga… inguruetan ibiltzen naiz, oso urrutira joan gabe. Pistan entrenatzeko Donostiako belodromora joaten naiz, astearteetan eta ostegunetan.
Errepidera irteteak ez dizu beldurrik ematen?
Ez. Bakea ematen dit. Sustoren bat izan dut, baina deskonektatu egiten dut bizikleta gainean. Beno, serieak tokatzen zaizkidanean sufritu egiten dut.
Nola uztartzen dituzu ikasketak eta txirrindularitza?
Antolatu beharra dago. Goizean eskolara joaten naiz, gero entrenatu eta gero lanak edo ikasi. Lagunekin egoteko denbora askorik ez dut izaten, adibidez. Eskolan bakarrik ikusten ditut ia. Tarteren bat dudanean beraiengana joaten naiz, baina oso denbora gutxirekin ibiltzen naiz.
Gustatuko litzaizuke etorkizunean txirrindulari izatea?
Saiatuko naiz etorkizunean bizikleta eta ikasketak uztartzen. Ezin baldin bada, bizikleta utzi beharko dut. Baina bizikletarekin segitzeko motibatuta nago.
Badakizu zer ikasi nahi duzun?
Dena argi dut. Fisioterapia ikasi nahi dut, eta bizikletarekin erlazionatu. Ekipo batean masajista izatea izango litzateke nire ideia. Nik uste ahalko nituzkeela bi gauzak uztartu, baina ez da erraza izango.
Asteburuan Palman lehiatuko zara, pistako Espainiako txapelketetan.
Apur bat urduri nago. Sekula ez dut halako proba batean parte hartu. Aurkari berriak, maila onekoak… ea nola moldatzen naizen. Nire burua probatzeko gogotsu nago.