Loinatz proba, Lehendakariko Goierriko lehen lasterketa
Etzi izango da, 10:00etatik aurrera. Txirrindulariek 121 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Bost mendate igaro beharko dituzte, hiru bigarren mailakoak
Loinatz proba jokatuko da etzi. Tropela 10:00etan abiatuko da Nafarroa etorbidetik. 121 kilometro eta bost mendateren ondoren, Nafarroa etorbidera itzuliko dira berriz ere, garaipenaren bila. Hiru bat orduko proba izatea aurreikusten du antolakuntzak.
Lehendakari trofeoko bigarren proba izango da. Aurrenekoa, Gorlako Igoera, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko Asier Etxeberriak irabazi zuen. Liderraren elastikoa defendatzea egokituko zaio, hortaz. Ez du lan erraza izango. Oraindik izen emate ofiziala argitaratu ez den arren, Euskal Herriko eta Espainiako 23 urtez azpiko txirrindularirik onenak elkartuko direlako. Goierriko ordezkariak ere izango dira irteera marran. 170 txirrindulari inguruko tropela elkartuko da.
Goierriko lehena
Lehendakari trofeoak hamar proba izango ditu denera. Horietatik lau, Goierrin. Beasaingoa izango da eskualdeko lehena; Ataunen, Zegaman eta Zaldibian izango dira gainerakoak.