Argazkilari ibiltariak iritsi dira
'Erretratu Nomada: Gipuzkoa' proiektua abian dute Eli Garmendiak eta Carlos Pericasek. Gipuzkoako zortzi herri txikitan erretratuak egingo dizkiete herritarrei.
Antzinako argazkilari ibiltarien antzera ari dira Eli Garmendia (Tolosa, 1984) eta Carlos Pericas (Palma de Malloca, 1983). 15 urte Bartzelonan bizi eta gero, «beste erritmo batean» bizi nahi zutela, eta ibilgailu, etxe, lan toki eta haientzat beste hainbat eta hainbat esanahi dituen, 1982ko Hymer-Mobil S550 autokarabanan igo ziren. Argazkilari eta sortzaile bikotearentzat berria zen bizi estilo bati ekin zioten, eta hala sortu zuten Nomad Studio Art kontzeptua.
«Nomad Studio Art erabiltzen dugu proiektuz beteriko edukiontzi bati forma emateko; betiere, naturarekin, pertsonekin eta argazkiekin zerikusia dutenak, baina argazkiekin batez ere», kontatu dute istorio honen bi protagonistek. Momentu honetan, Erretratu Nomada: Gipuzkoa proiektuan lanean ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta! deialdiaren bidez abiarazi dute. Mikromezenasgoaren bidez 13.000 euro inguru lortu zituzten. Aldundiak egindako ekarpenarekin batera, 150 pertsonen dohaintza jaso, eta horri esker burutu dezakete. Helburua da, Gipuzkoako zortzi herri txikitan, bakoitzean astebetez egonda, herri bakoitzeko biztanleei eta herriarekin lotura estu-estua duten pertsonei, argazki kamerarekin erretratu bana egitea. Une honetan, Altzagan daude. Udalerrira iritsi eta erraza da haiekin topo egitea.
Altzagara iritsi dira
«Erretratu Nomada: Gipuzkoa proiektuarekin zortzi herritan izango gara; Alkizan ekin genion, eta orain, Altzagan gaude, tokiko eta herriarekin lotura zuzena duten pertsonei argazkiak ateratzeko gaude hemen». Argazkia ateratzera gerturatzen den orok, argazki bana jasoko du paperean, eta digitalki, doan. Bestalde, geldialdia egingo duten udalerri bakoitzeko udalean, ateratako argazkien artxiboa utziko dute, «ondare» gisara.
Esan bezala, Alkizan hasi zuten Erretratu Nomada: Gipuzkoa-ren ibilbidea. «Esperientzia zoragarria izan da Alkizakoa, herriko plazan kokatu ginen, eskola ere ondo-ondoan genuen, eta hain zuzen, eskolako haurrak izan ziren gugana gerturatzen lehenak, arreta eman zielako gure presentziak. Horrela hasi eta jende asko gerturatu zen azkenean, 250 argazki inguru atera genituen, eta egindako lanaz aparte, toki eta jende zoragarria ezagutzeko aukera eman digu, ia jende gehiago ezagutu dugu azkeneko hiru urteetan, Bartzelonan bizi izan ginen 15 urteetan baino, oso gustura gaude, proiektu honek eskaintzen dizkigun aukera guztiekin».
Altzagara, badira egun batzuk iritsi zirela, eta momentuz, poliki-poliki ari dira. «Toki bakoitzera iritsi aurretik, komunikazio lan handia egiten dugu, gu iritsi aurretik nortzuk garen jakin dezaten herritarrek, baina hala izanda ere, bitxia eta polita da horrelako herri txikietara iristen garenean izaten ditugun sentsazioak; Altzagan, elizako plazan gaude, eta errepidetik pasatzen diren auto guztietatik begira-begira geratzen zaizkigu, zertan ari garen deskubritu nahian edo».
Jakinmina sortzen dute toki guztietan; estilo klasikoa duen autokarabana, atzean motorra, argazkiak autokarabanatik zintzilik, bi ezezagun inguruan… Autokarabanista kopuruak gora egin badu ere, oraindik, toki askotan, esandakoa, jankinminez begiratzen dituzte. «Egiten dugun lehen gauza, erakusketa moduko bat jartzea da, beste herri batzuetan ateratako argazkiak autokarabanaren alde batean zintzilik jartzen ditugu, eta beste aldean, estudioa muntatzen dugu, bertan ateratzen dizkiegu herritarrei argazkiak». Jendearen jarioa «pixkana» gertatzen dela kontatu dute: «Bat gerturatzen da, argazkia ateratzen diogu, galdetzen digu nortzuk garen,… eta ahoz ahokoari esker, esponentzialki hazten joaten da lana».
Aramara ekainaren 7an
Altzagan, igandera arte (igandea barne) aterako dituzte argazkiak, eta astelehen goizean, Altzora joango dira. Hurrengo geldialdiak dira, Baliarrain (maiatzaren 5etik ekainaren 6a arte), Arama (ekainaren 7tik 13a arte), Orendain (ekainaren 14tik 20ra arte), Orexa (ekainaren 21etik 27ra arte) eta azken geldialdia, Beizaman egingo dute (ekainaren 28tik uztailaren 4ra).
Bizi estilo bat
«Sortzaile agentzia» bezala jaio zen Nomad Studio: «Bartzelonan 15 urte eman genituen, hiria utzi, eta lasaiago bizitzen hasi nahi genuen, beste bizi-erritmo batekin, gauza gutxiagorekin, lehengo bezeroak mantenduz baina berriei ere bide emanez…».
Bartzelonan, freelance aritu ziren; Carlos, erretratuetan espezializatua, musika munduan argazkiak egiten eskarmentua du, jazz munduan diskoak egiten, interiorismoa ere ukitu zuen… Eli, estudioko lanean gehiago aritu izan da, argazkiak moldatzen, polit jartzen, baina bere sormenari ere hegoak ematen.
Lanari begira, «dena ondo» zihoan Bartzelonan, «baina astebururo, edo bidaia bakoitzaren ondoren, ikusteko hainbeste gauza geratzen zitzaizkigula pentsatzen jartzen ginen, eta… hala, urteak daramatzagu bidaiatzen».
Gaur-gaurkoz duten bizimoduari gerturatzen zaion lehen esperientzia, 2015ean izan zuten. Eli Letonian ari zen lanean, Carlos, bisitan joan zen 10 egunerako, eta autokarabana bat alokatu zuten, Eliren lanak autokarabanan mugitzeko aukera ematen baitzien, kanpamentu nagusira itzuli behar izan gabe, naturaren inguruko lan bat egiten ari baitzen, basoei argazkiak ateratzen, besteak beste.
Esperientzia hori, bizitzak errotik aldatzeko lehen alea izan zen. Konturatu baitziren, posible zela beste modu batean bizitzea. Hala, La Bitxa deitzen duten bidelaguna erosi eta bikotearen beharretara egokitu ondoren, Bartzelonatik Euskal Herrira eta Europako beste hainbat herrialde zeharkatu zituzten, 15.000 kilometrotan, bizitza, bidaia, lana,… uztartuz.
Egunen batean gurpilik gabeko leku bat izatea espero badute ere, hasiera batean, urte edo urte eta erdiko bidaia honetan jarraitzen dute.