CAFeko langileak eta zuzendaritza hitzarmen berria negoziatzen ari dira
Egungo lan hitzarmena urte hasieran iraungi zen. Enplegu politikan aurrera pausoak eskatzen dituzte. 3.000 bat langileri eragiten die, Beasaingoei, Irungoei eta Madrilgoei
CAFeko langileak eta zuzendaritza lan hitzarmen berria negoziatzen ari dira. Besteak beste, langileek telelanaren erregulazioa eta enplegu politikan aurrera pausoak ematea eskatzen dituzte: errelebo kontratuak hobetzea nahi dute, soldatak eguneratzea, behin-behinekotasuna txikitzea eta hainbat azpikontratazio berreskuratzea. Zuzendaritzari presioa egiteko manifestazioa egin zuten atzo, Beasaingo kaleetan zehar. Jarraipen handia izan zuen: Nafarroa etorbidea ia osorik hartu zuten, bi ilaratan banatuta. Negoziazioak zenbat luzatuko diren ziur jakiterik ez dago.
Zuzendaritzak dio aurreikuspenak ez direla onak lan baldintzak hobetzeko. Pandemiaren eraginez 2022. urtean lan karga falta espero duela dio. Aurtengo lehen hiruhilekoan hamazazpi milioi euroko irabazi garbiak izan ditu. Zuzendaritzaren hasierako asmoa egungo hitzarmena bere horretan uztea eta soldatak izoztea zen, negoziazioetan sartu gabe.
Langileek maiatzeko astearteetan eta ostegunetan bi orduko lanuzteak egitea erabaki zuten presioa egiteko. Proposamenak gehiengo zabalaren oniritzia izan zuen. Eta funtzionatu du. Zuzendaritza aurreko astean negoziaketa mahaira batu zen.
Epez kanpo
Egungo lan hitzarmenak lau urteko iraupena zuen eta urtea hastearekin batera iraungi zen. Hitzarmenaren luzapen batekin dabiltza lanean orain, ultraaktibitatean. Ultraaktibitatean bi urte egin daitezke gehienez. Langileek lan hitzarmen berrian muga hori ezabatzea ere eskatzen dute.
Hitzarmenak Beasaingo, Irungo eta Madrilgo fabriketako 3.000 langile baino gehiagori eragiten die. Sektore ezberdinetako langileak barneratzen ditu lan hitzarmenak.