Ormaiztegiko udal igerilekua ekainaren 18an irekitzea aurreikusi dute
Ormaiztegiko Udalak jakinarazi duenez, udal igerilekua ekainaren 18an irekiko dute ondo bidean, eta irailaren 5era arte iraungo du igerileku denboraldiak. Udara honetarako berrikuntza batzuk jarri dituzte: abonu sistemaren ordez txartel fisikoak erabiliko dituzte igerilekura eta gimnasiora sartzeko. Giltza elektronikoa izango denez, urtez urte gorde beharko da. Aurrenekoz eskatzean doan izango dira, eta hurrengoetan ordaindu egin beharko dira.
Hiru txartel izango dira aukeran: igerilekurako abonua, gimnasiorako abonua eta kirol txartela. Azken hori sei hilabeterako edo urte osorako izan daiteke, gimnasiora zein igerilekura sartzeko izango da, eta pilotalekuaren alokairuan %50 beherapena izango dute erabiltzaileek. Eskaerak Zubipe kiroldegiko tabernan egin behar dira, maiatzaren 30etik ekainaren 11ra.
Begirale lana
Ormaiztegiko udalak ekainaren 21etik uztailaren 23ra udalekuak antolatu ditu, eta horietan begirale gisa lan egiteko deialdia zabaldu du. Begirale titulua izatea, hezkuntza edo antzerako ikasketak izatea, umeekin lanean esperientzia izatea eta Ormaiztegin bizitzea baloratuko dute hautaketa egiteko. Zerki@zerki.net helbidera bidali behar dute curriculuma interesa dutenek maiatzaren 31 baino lehen.