Pisten auzibidean langa itxi dute
Tolosako Epaitegiak irmotzat jo du Enirio-Igaratza pista eraikitzearen aurkako epaia artxibatzeko erabakia. Talde ekologistek zigor auzibidea hartu izana gaitzetsi du aldundiak
Langa itxi, eta giltzarrapoa jarri dio Tolosako Epaitegiak Aralarko pisten aurkako salaketari. Apirilaren 26an atera zuen lehenbizi talde ekologisten akusazioak errefusatzen eta auzia artxibatuko zuen ebazpena, eta behin-behineko erabaki zena irmo bihurtu du orain. 2018ko udazkenean irekia zen prozesua.
Hain justu, Aralarren mendi-pistak eraikitzeko bigarren faseari dagokion salaketa da, Eniriotik Igaratzara bitarteko bidearen eraikuntzarena. Lehen faseko pistaren auzia ere (Saltarrirako pista) apirilean itxi zuen epaitegi berberak, Tolosako Lehen Auzialdiko Instrukzioko 3.ak. Landarlan eta Eguzki elkarteek auzitara jo zuten obra hori onartu zuten Mankomunitateko kideen eta aldundiko diputatu baten eta bi zuzendariren aurka.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, epai irmoaren berriaren ostean, zigor auzibidera jo izana gaitzetsi du. «Politika» egiteko «modu hau» hartu izana izenak zikintzeko nahia leporatu die bi talde ekologistei. «Bide penala aukeratu izanak intentzionalitate nabarmena adierazten du, guztiz errefusatzen dugun politika egiteko modu bat», esan du aldundiaren eledun Eider Mendozak.
«Modu demokratikoan, eta erakunde eta inplikatutako eragile guztien adostasunarekin hartutako erabakiak, gardentasun osoz eta legedia betez hartu direnak, guztion ongizatea jomuga izanda, ezin dute izan judizializatuak eta helburu politikoekin bakarrik instrumentalizatuak», gehitu du Mendozak, eta akusatuen lana defenditu.
Landarlanek, bere aldetik, apirilaren bukarako epaia baloratutakoan esana du azken adierazpen publikoa gaiaz: «Gurea bezalako elkarteen zeregin nagusietako bat ingurumen-legedia betetzen dela egiaztatzea da, eta hala ez bada, naturaren ahotsa izaten saiatzea», azaldu zuen apirilaren 28an.
Pistak, «funtsezkoak»
Akusatzaileen papera gogor kritikatzeaz gain, Aralarko pisten beharraz defentsa sutsua egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak: «Funtsezkoak dira». Larreak mantentzea ahalbidetzen dutela pistek azaldu du Mendozak. «Aralar goi mendiko habitat gisa kontserbatzen lagundu dute».
Bestetik, mendian lan egiten duen «sektoreak» belaunaldi aldaketa duela, eta errelebo hori gerta dadin «erraztasunak» eman behar zaizkiola gehitu du foru bozeramaileak. «Ez dugu oztopo gehiagorik jarri behar». Goi mendietako jarduera «lehen sektore aktibo baten» parte kokatu du. Kalitatezko elikagaiak ekoizteko, paisaia eta ingurumena kontserbatzeko, eta klima aldaketari aurre egiten laguntzeko «gai» izango den sektorea behar duela Gipuzkoak erantsi du.