Agur ugari denboraldi amaieran
Ordizia Rugby Elkarteak bukatu du 2020-21 denboraldia, eta taldeak aldaketa ugari izango ditu datorrenari begira. Lehen taldeko bost jokalarik eta kirol zuzendariak kluba utziko dute.
Denboraldia bukatzearekin batera, agurren garaia iritsi da Ordizia Rugby Elkartearentzat. Datorren denboraldiari begira aldaketa ugari izango dituzte, bai jokalarien artean eta baita talde teknikoan ere; azken urteetan klubarentzat garrantzitsuak izan diren hainbat lagunek beste bide bat hartuko dute.
Horietako bat da Jon Txurruka kirol zuzendaria. Lau urte egin ditu kargu horretan, “klubaren alde bere onena ematen”, baina orain atsedena hartzeko garaia iritsi zaio. “Klubeko gizona” dela nabarmendu du taldeak, eta ez dio Ordizia Rugby Elkarteari erabateko agurrik esango, “laster arte” bat baizik. ORE Txurrukak utzitako tokia beteko duen pertsona egokiaren bila ari da, eta aurrerago emango dute horren berri.
Bost jokalarik utziko dute taldea
Denboraldia bukatzearekin batera, plantillan ere izango dira aldaketak. Lehen taldeko bost jokalarik utziko dute taldea. Juanma Lescano da, horien artean, Ordizian denbora gehien egin duena. Taldearen arabera, urte hauetan guztietan, “ligako jokalaririk onenetakoa” izan da bere postuan, eta hutsune handia utziko du. Harekin batera, beste argentinar bat, Gonzalo Vazquez ere badoa. Garai zailak ere bizi izan ditu, lepoko lesio larri bat tarteko, baina gogor lan egin eta gero, “maila handian” jokatzea lortu du.
Vukile Sofisa eta Keegan Munro hegoafrikarrak joan den udan iritsi ziren, ordiziarren aurrealdea indartzeko, eta gogor lan egin dute taldeak jarritako helburuak lortzeko. Biek ere, agur esango diote Goierriko taldeari.
Eta azken baja Igor Genuarena izango da. Neguan iritsi zen Ordiziara eta “ekarpen handia” egin dio taldeari. “Harengandik espero zen guztia eta gehiago eman du”. Zoritxarrez, ordea, ezin izango du taldeko kide izan datorren denboraldian, eta taldeak “ohore guztiekin” agurtu nahi izan du
Klubak esker oneko hitzak izan ditu jarraituko ez duten bost jokalari horientzat, eta “zorterik handiena” opa die haien ibilbide berrian.