Legoreggae jaialdia uztailaren 2an eta 3an egingo dute
Egoera berrira egokitutako jaialdia izango bada ere, aurreko edizioetako "berotasuna eta giroa" sortzen saiatuko dira antolatzaileak.
Legoreggae jaialdia bueltan da, iazko etenaren ondoren. Pandemia dela eta, bertan behera utzi behar izan zuten 2020ko ekitaldia, baina antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez, aurten reggae jaialdia egitea erabaki dute. “Denok jasan ditugu, modu batera edo bestera, egoera berri honen ondorioak eta ekitaldi kulturalen kasuan ez da gutxiagorako izan. Izugarri gutxitu dira ekintzak, kasu batzuetan ez baitzen aproposena eta besteetan neurriek ez zutelako ahalbidetzen”. Aurtengoari begira ere “zalantza asko” izan dituztela aitortu dute, baina “antolatu diren ekitaldi batzuk erreferentziatzat hartuz eta ikusirik kultura ekintzak seguruak direla, azkenean animatu” egin dira.
Data ere jarri dute: uztailaren 2an eta 3an egingo dute. Egoera berrira moldatzeko “aldaketa handiak” izango ditu jaialdiak aurreko edizioekin alderatuta, baina “aurreko urteetako berotasuna eta giroa sortzea” izango da antolatzaileen helburua. Oraingoz ez dituzte jaialdian parte hartuko duten talde eta musikarien izenak aurreratu, baina datozen asteetan joango dira informazio gehiago ematen.