Pentsiodunen bizikleta martxak Goierri zeharkatuko du bihar
Larunbatean Donostiara joateko deia egin dute, pentsio duinen aldeko manifestaziora. Aste honetan zehar, Gipuzkoa osoa zeharkatuko dute bizikletaz.
Pentsio Publikoak, Duinak, Bidezkoak eta Nahikoak. Hori da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen duena. Protesta astea hasi dute gaur; datozen egunetan, bizikleta martxa egingo dute Gipuzkoan barrena; eta larunbaterako manifestazio bana deitu dute, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste zenbait herritan. Eragile sozial eta sindikal ugarik babestu dute protesta.
Mobilizazio horrek bi helburu nagusi izango ditu: batetik, “Estatuko zein Autonomia Erkidegoko erakundeei eskatzea gure aldarrikapenak bermatzea”, eta bestetik, “indarrean dauden murrizketak eta ezarri nahi direnak berehala indargabetzea”.
Hiru urteko borrokaren ondoren “lortutako konkistak arriskuan egotea” eta guztiontzat “pentsio duinak bermatzeko urrats irmorik ez ematea” onartezina dela diote. Hilaren 24an Gasteizko eta Iruñeako parlamentuen aurrean egindako agerraldietan, dokumentu bana erregistratu zuten. Agiri horretan, “pentsiodunok Gobernuari eta Estatuko erakundeei egindako aldarrikapenak” jasotzen dira, “bai eta hemengo gobernuek eta parlamentuak egin ditzaketen eta egin behar dituzten eskaerak ere”. Hala ere, pentsiodunak ez dira “keinuekin bakarrik konformatzen” eta parlamentu horiek dituzten eskumenak erabiliz, “behingoz, borondate politikoa falta da, hasi daitezela pentsiodunon arazoei ere konponbideak jartzen” aldarrikatu dute.
Bizikleta martxa
Gaur goizean abiatu da Gipuzkoa osoa zeharkatuko duen bizikleta martxa Errenteriatik. Goierrira bihar iritsiko da (ibilbidea behean). Datozen egunetan, gainontzeko eskualdeetan barrena ibili eta gero, hilaren 29an bukatuko dute protesta, Donostiako Alderdi-Ederren hasiko den manifestazioarekin.
- 09:30. Bizikleta martxa Legorretara iritsiko da eta geldialdi bat egingo dute bertan.
- Ondoren Itsasondo zeharkatuz Ordiziara iritxiko dira 10:15-10:30 aldera.
- Malkaskotik, Lazkaora iritxiko dira goizeko 11:15 aldera, bertan egonaldia bat egingo dute.
- 12:00. Beasaingo trenaren biribilgunera iritxiko dira.
- 12:30. Ordiziara joan ondoren, goizeko zatia amaitu eta bazkaldu egingo dute.
- 16:00. Ordiziatik Urretxu-Zumarraga aldera abiatuko dira.
- 16:15. Beasaindik pasa eta Ormaiztegi eta Santa Lutzi (Ezkio) zeharkatuko dituzte.
- 17:45. Eitzaga aldera iritsiko dira.
- 18:30. Bigarren etaparen amaiera, Urretxu-Zumarragan.