Auzo-lotsaren pozoia, auzolana
Ataunen ia sei kilometroan errepide bazterrak garbitu dituzte bost boluntariok, zikin zeudela antzemanda. Ia 60 kilo zabor bildu dute, jendeak botatako lata, poltsa eta abar
Gizarte bat ondo ezagutzeko, nahikoa omen da haren zabortegiak ikertzea. Martxa honetan, sinonimo bihurtuko dira, gizakiak bere ingurunea nola tratatzen duen ikusita. Oinez metro gutxi batzuk ibiltzea aski da lotsaizun horretaz jabetzeko. Eta edonon eta edonoiz.
Ataunen, bost lagunek ekintzara pasatzea erabaki dute. Lehengo igandean, Kaxetatik abiatu eta Arrondo auzoraino (5,5 km inguru), errepide nagusiaren bazterrak garbitu zituzten. Bi orduko lanaren ostean, 60 bat kilo hondakin zeukaten poltsetan, jendeak axolagabe botatakoak.
Ikusten zuten egoera jasan ezinik erabaki dute lan hori egitea. «Zapatuero eta jaiero korrika egiten dugu hiru lagunek, eta gehienetan Kaxeta aldera joaten gara. Bazterretan zaborra ikaragarri dagoela ikusten genuen, eta bilketa bat egin behar genuela esaten ari ginen aspalditik», azaldu du boluntario batek.
Latak, botilak, zorroak…
Esan, eta egin. Igande goizean, bost lagunak Kaxetatik goitik behera hasi ziren, bide ertzak miatzen. «Jende gehiegi ere ez genuen nahi, bide bazterrean ibili behar zelako. Udaleko kotxea hartu genuen atzetik, babes pixka bat emateko, eta hala egin genuen bilketa».
Zer jaso zuten, askorik esplikatu beharrik ez dago. Edonork ikus dezakeelako, edonon, edonoiz. «Batez ere latak, botilaren bat edo beste, tabako paketeak, kirolarien barratxo energetiko eta jel zorrotxoak…». Bideko zabor-bilketa guneak ere garbitu dituzte, horietan ere lurrera eroritako zikinkeria baitzegoen.
Zabarkeria sendatu arte, kopiatzeko moduko adibide bat.