Azkarragaren hitzaldia, CAFeko atarian
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu ohiak presoen inguruko hitzaldia eskainiko du 'Langileok presoak etxeratzeko bidean gara' ekimenaren baitan
Joseba Azkarragak presoen egoeraren eta etxeratze prozesuaren inguruko hitzaldia eskainiko du etzi, 11:00etan, CAFeko atarian, Amiantoaren biktimen oroitarria dagoen plazan. CAFeko presoen dinamikaren inguruko esperientzia ere jorratuko dute saioan.
‘Langileok presoak etxeratzeko bidean gara’ ekimenaren baitan Sarek eta gehiengo sindikalak antolatutako ekintza izango da. Lan eremutik egin daitekeen ekarpenez hausnartzeko saioak izango direla aurreratu dute antolatzaileek. “Presoek garatu beharreko etxeratze prozesuan fokua jarriaz, eta graduen progresioa horretarako klabea izanik, presoek baldintzapeko askatasun eskuratzean eta baita askatasuna berreskuratzean ere lan mundura txertatzeko duten beharrizanaren garrantziaz jardungo gara, prozesu horretan laguntzaile izateko asmoz”. Ekainaren 4an manifestazioa egingo dute Donostian. “Langile eta herritarrei parte hartzeko deia luzatzen diegu. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin, etxera bueltako errepide bilaka daitezen”.
Hilabeteko azken ostirala
Arratsaldean hilabeteroko elkarretaratzea egingo dute Plazapean, 19:30ean.