Dantzak eta argazkiak zuzenean egingo dute bat Nafarroa23 estudioan
Aurtzakako dantzariek pausoak azalduko dituzte; Jose Mari Telleriak argazki sesioa egingo diete. Jantziak ere ikusgai egongo dira. Iaz egitekoak ziren baina atzeratu egin behar izan zuten
Aurtzaka dantza taldeak eta Jose Mari Telleria argazkilariak bat egingo dute Nafarroa23 estudioan, Euskal dantzen pausoak, jatorria, historia eta azalpenak ikuskizunean. «Hiru zati izango ditu. Mikel Sarriegik hitzalditxo bat eskainiko du sarrera gisara. Dantzen jatorriaz eta historiaz arituko da, eta pausoak azalduko ditu. Bitartean, Izaskun Salazarrek pauso horiek bertatik bertara egingo ditu; dantzarien arropak ere ikusgai egongo dira; eta amaitzeko making-off bat egingo dugu, beste sorpresatxo batekin», azaldu du Jose Mari Telleria argazkilariak eta antolatzaileak. 17:00etan hasiko dira bisitak. Hiru txandatan banatuta sartuko dira estudiora. Lehendabizikoan bi toki besterik ez dira gelditzen, eta gainerako biak beteta daude. Ikustera joan nahi duenak Nafarroa23 estudiotik pasa behar du izena ematera.
Aurtzakako dantzarien estudioko hamar argazki egongo dira ikusgai. Telleriak argazki horiek nola egin ziren azalduko du, eta momentuan bertan erreproduzitu egingo dituzte. Jendeari dantza eta argazkilaritza munduak «zuzenean» hurbildu nahi dizkiola aipatu du Telleriak.
«Lagun artean» «gustura» aritu dela lanean azpimarratu du. «Berez, iaz ginen egitekoak. Erakusleihoa prestatu nuen eta guzti, baina pandemiak hankaz gora jarri zizkigun plan guztiak. Berreskuratzea erabaki dugu. Baina apur bat aldatu dugu», gaineratu du. Irudiak eta hitzak proiektuaren baitan antolatutako saioa izango da.
Erantzun ona
Telleriak Nafarroa23 estudioan hilabetean behin erakusketa bat antolatzen du, aldi bakoitzean Beasaingo talde edo herritar ezagunen bat ardatz hartuta. Erantzunarekin gustura dago: bai protagonisten aldetik jasotzen duen prestutasunagatik eta baita ere bisitariek agertzen duten interesagatik. «Edukiera bete egiten da, eta jendeak parte hartzen du. Azokako ekoizleekin egin nuenean, esaterako, jendeak galdera asko zituen eta giro polita sortu zen. Pena, onenean moztu egin behar izan genuela», oroitu du.
Pandemiaren erruz ezarritako neurrien alde txarra da hori. Edukiera mugatuak, talde txikietan banatu beharra, ziurgabetasuna… Halere, gustura hartzen duen lana dela berretsi du. «Beste proiektu batzuk jada martxan ditut. Bat bukatu orduko beste bat hasten da». Udako oporren aurretik ikusgai jarri nahi ditu, ekainean eta uztailean.