Mikelar auzuneko barruko kalexka eta etxe atzeak berrituko dituzte Lazkaon
Hirigintzako berrikuntzekin jarraitzeko, 170.000 euroko kostua daukaten lanak lehiaketara atera ditu. Barrualdeko aparkalekua ere berrituko dute, eta espaloiak bi metrora zabalduko dituzte
Urbanizazioen zaharberrikuntzekin Mikelar auzoan jarraituko du Lazkaoko Udalak. Lehengo astean atera zuen lehiaketara Mikelar kalean egin beharreko obra-sorta, 169.740 euroko oinarrizko aurrekontua daukana.
Mikelarko etxe blokeez atzealdera geratzen den eremuan egingo dituzte lanak, nagusiki. Batetik, ikastola alboko kaletik irteten den kale itsua asfaltatuko dute, eta haren bukaeran dagoen aparkaleku txikia berritu. Bestetik, oinezkoentzat erosoago ipiniko dute, eta espaloiak zabalduko dituzte Mikelar 1, 2, 6 eta 7 etxeen atzealdeetan.
Hain justu, duela urte batzuk zabaldu zituzten Mikelartik Madalenako errotondara bitarteko espaloiak. Orain, 1, 2 eta 7 zenbakien atzealdekoei eta 6 zenbakidun etxe buelta osoari helduko die udalak.
Aurten egiteko asmoa
Lizitazioa lehiaketara aterata, eskaintzak jasotzeko epean dago orain proiektua. Behin enpresa eraikitzailea aukeratutakoan, «urteko bigarren seihilekoan» hasi nahi ditu lanak udalak. Hiru hilabeteko iraupena izango dutela kalkulatu du.
Lur azaleko urbanizazioa berritzeaz gain, horrelakoetan ohi denez, azpitik igarotzen diren azpiegiturak ere aldatuko dituzte. Saneamendu sarea bikoiztu egingo dute, batetik. «Gaur egun saneamendu-sare bakarra dago, euri urak eta ur zikinak bereizten ez dituena», azaldu du udalak.
Edateko uraren sareko hodiak ere berritu egingo dituzte, baita saneamenduan kaltetuta edo hondatuta dauden beste zatiak ere. Bestetik, etxebizitzen artean airean doazen argindar edo telefonia kableak ere lurperatu egingo dituzte.