Pentsio duinen alde, bizikletan
Gipuzkoako pentsiodunak bizikleta martxa egiten ari dira. Herrialdea zeharkatuko dute sei etapetan eta aldarrikapena txoko guztietara eramango dute
Pentsiodunek hiru urte baino gehiago daramatzate jada borrokan. Denbora honetan guztian makina bat ekintza antolatu dituzte. Oraingoan, Gipuzkoako pentsiodunek bizikleta martxa antolatu dute pentsio duinen alde eta murrizketen aurka. Atzo Goierri zeharkatu zuten: Tolosatik Urretxu-Zumarragara joan ziren. Urretxuko Ederrena pilotalekuan pasa dute gaua. Gaur Bergarara abiatuko dira.
Astelehenean abiatu ziren Errenteriatik. Atzo Tolosatik Zumarragarra joan ziren, gaur Zumarragatik Bergarara joango dira, bihar Bergaratik Debara, etzi Debatik Usurbilera eta larunbatean Usurbiletik Donostiara. Bertan, manifestazioa egingo dute. 17:00etan abiatuko dira Alderdi Ederretik.
Pentsiodunak herrietan geldialdiak egiten ari dira, herritarren elkartasuna eta babesa jasotzeko. Atzo goizean Legorretan, Lazkaon eta Ordizian egin zizkieten ongi etorriak. Itsasondo eta Beasaindik ere pasa ziren eta bi herri horietan ere herritarren berotasuna jaso zuten. Gainera, nahi izan zuten goierritar guztiek, txalo egiteaz gain, beraiekin kilometro batzuk egiteko aukera eduki zuten.
Pentsiodunek Ordizian bazkaldu zuten eta ondoren Beasain aldera abiatu ziren. Ormaiztegitik gora, Zumarragara heldu ziren. Eitzan ongi etorria egin zieten, kartel eta guzti. Ondoren, bi herrietako kaleak zeharkatu zituzten. Areizaga-Kalebarrenen bigarren ongi etorri bat egin zieten, are jendetsuagoa, txistulari eta guzti. Urretxuko txistulariek Santa Zezilia eta Aupa Lekeitio piezak jo zituzten eta pentsiodunek biribilketa egin zuten. Pentsioak ez daitezela falta… eta alaitasuna ere ez!
Pentsiodunen mugimenduak dagoeneko hiru urte baino gehiago daramatza borrokan, pentsio duinen alde eta Toledoko itunaren murrizketen aurka. Goierrin ere ehunka dira astelehenero kontzentrazioetan parte hartzen duten pentsiodunak.
Aldarrikapenak
2011ko eta 2013ko pentsio erreformen murrizketak eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzea nahi dute. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dituzte. Pentsioen sistema publikoaren pribatizazioa eta iragarritako murrizketa berriak arbuiatu dituzte.
Bestalde, pentsioen genero arrakala amaitzeko neurri eraginkorrak aldarrikatu dituzte. Ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza pentsiora bideratzea nahi dute.
Erretiro aurreratuei dagokienez, 40 urte kotizatu duenak zigorrik gabe erretiratu ahal izatea eskatzen dute. Horrekin lotuta, legez besteko proposamenak onartu dira 15 parlamentu autonomikotan, kongresuan, senatuan eta udal askotan.
Osasun arloan egin diren murrizketek ere kezka eragin dute pentsiodunen artean. Herritarren osasuna, arreta eta zaintza bermatzea nahi dute, kalitatezko zerbitzu publiko eta unibertsalen bidez.