Presoekiko Elkartasun Astea antolatu dute Ataunen, gaurtik
Presoen, iheslarien eta deportatuen inguruko hitzaldia dute gaur; ostiralean, elkarretaratzea; eta igandean, Naparriturrira ibilaldia.
Euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldarrikapena gizarteratzeko egitaraua antolatu du Ataungo Sarek. Lehenbiziko ekitaldia gaur izango da, eta asteburuan jarraituko dute.
Ohiko egitura izango du egitarauak. Hitzaldi batekin hasiko da Elkartasun Astea, gaur 19:00etan, San Gregorio auzoko Elkargunean. Presoen, iheslarien eta deportatuen azken hamarkadetako ibilbidea errepasatuko dute bertan, eta gaur egun dauzkaten erronkak eta beharrak jorratuko dituzte.
Ostiralean, hileko azkenekoa den heinean, ohiko elkarretaratzea egingo dute, San Martin auzoko plazan, 20:00etan.
Bukatzeko, eta ohiturari segiz, Aralarren mendi ibilaldia egingo dute azkenik. Lizarrustitik Naparriturrira joango dira oinez, igandean, 11:00etan abiatuta. Mokadua egongo da, eta harako txartelak Sutegi, Troskaeta, Urbieta eta Errotaundi tabernetan daude salgai.