«Asko aurreratu dugun arren, hasi besterik ez gara egin. Dena dago egiteko»
Gazte transexualen errealitatea gertutik bizi duten 25 familiaren testigantzak bildu ditu Aingeru Mayor sexologoak, 'Tránsitos' lanean. Beasaingo transzikloaren barruan aurkeztuko du bihar, Ekaitz Goikoetxearekin batera.
Transexualitatearen gaia tabu izateari uzten ari da?
Egoera asko aldatu da azkeneko hamar urteetan. Tabu baino, nik ezezaguna zela esango nuke. Orain dela hamar urte haur eta gazte transexualitatea guztiz ikusezina zen, inork ez zuen horri buruz hitz egiten. Eta are gehiago, pentsaezina zen. Haurren transexualitatea jendearen buruetan ez zen kabitzen. Orain lortu dugu errealitate hau ikusgarria egitea. Eta pentsagarria.
Markesinetako kanpaina mugarria izan zen.
Orduan, Naizen Chrysalis zen oraindik. Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak zioten kartelak jarri genituen, eta formulazio hori oso berritzailea izan zen.
Transzikloa bezalako zikloek zer eragin izan dute jauzi horretan?
Gai honen inguruan hainbeste aurreratu badugu, horrelako ekimenak antolatu direlako da. Gaiari buruz hitz egiteko guneak dira, eta hitz egiten den neurrian eta ezagutza zabaltzen den neurrian lortzen ari garena da gizarteak geroz eta gehiago ezagutzea. Iritsiko da egun bat halako zikloak ez direnak beharrezkoak izango. Transexualitatea onartua dagoela esan nahiko du,aniztasunaren beste erpin bat dela.
Transitos lanak ere eragina izango zuen.
Beste urrats bat gehiago da. Liburuan jaso ditudan 25 kontakizunetan familiek beraien etxeetako ateak zabaldu dituzte kanpokoek jakin dezaten zer gertatzen den. Eta irakurleen erantzunarekin oso gustura nago, balorazio onak jasotzen ari naiz. Batetik, kontakizunak irakurtzea oso hunkigarria delako eta, bestetik, kontakizunak oso baliagarriak direlako familientzat eta arlo ezberdinetako profesionalentzat, errealitate hau ulertu ahal izateko. Eta pozik, urrun iritsi delako. Leku askotatik iritsi zaizkit aipamenak: Euskal Herritik kanpora, Espainiatik, erdialdeko Ameriketatik, hego Ameriketatik… Argentinan eta Txilen, esaterako, erreferente bihurtzen ari da.
Zer egina egongo da oraindik.
Asko aurreratu dugu urte hauetan, baina hasi besterik ez gara egin. Dena dago egiteko. Mundua politagoa izateko dena egiteko dago.
Trans legea pil-pilean dago Madrilgo kongresuan. Beharrezkoa den aurrerapausoa da?
Espainiar estatuan pertsona transexualen eskubideak bermatuko dituen lege bat nahitaezkoa da. Zorionez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan baditugu lege propioak, eta gaindituta dauzkagu Espainian jazotzen ari diren eztabaidak. Baina hemengo pertsonentzat ere nahitaezkoa da legea aurrera ateratzea.