'Desioen sagarrak' parte hartze prozesua aurkeztu dute Idiazabalen
Zepai kaleko sagastia aisigune gisa irudikatzeko aukera izango dute herritarrek. Naturarekin lotura daukan eta inklusiboa den eremua izatea da helburua
Idiazabalgo Udalak Desioen sagarrak ekimena aurkeztu du. Zepai kaleko sagastia berreskuratu eta eremua aisigune bihurtzea da helburua, herritarren parte hartzearekin. Herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan saski bat jarriko dute, herritarrek kartulinazko sagarra hartu eta haien proposamenak idaz ditzaten, eta eskolan ere banatuko dute informazioa. Ekainaren 4an proposamenak jasoko dituzte eta irailetik aurrera proposamen horien azterketa eta lanketa egingo du udalak.
«Modu parte hartzailean jakin nahi dugu gure herritarrei sagastian zer gustatuko litzaieken egotea eta bereziki egitea, ez hirigintza aldetik baizik eta aisialdirako zer egin nahi duten», azaldu du Eunate Elio Hezkuntza eta Berdintasun zinegotziak. Sagastiko sagarrak eta herritarren nahietatik abiatuta sortu dute Desioen sagarrak izena, eta parte hartzea azpimarratu dute: «Parte hartzailea izatea nahi dugu bereziki Oinherri elkartearekin sinatutako hitzarmenagatik; oinarri hezitzaile horiek lantzeko konpromisoa hartu genuen eta iruditzen zaigu proiektu paregabea dela parte hartzea sustatzeko».
Naturarekin lotura
Herritar bakoitzak bere behar eta nahien arabera idaz dezake bere proposamena. Halere, baldintza batzuk bete beharko ditu balizko aisiguneak. Naturarekin lotutakoa eta inklusiboa izatea da udalaren xedea Eliok adierazi duenez: «Belaunaldi desberdinen arteko konexioa bultzatzen den eremua izatea nahi da, parekidea eta inklusiboa dena, eta aniztasuna bultzatzen duena, eta bereziki naturarekin lotura duena». Haurreskolatik eta eskolatik gertu dagoen lursaila da, erabili gabe egon dena: «Ikasleei eta irakasleei aukera ematen die berdegune bat gertu edukitzeko, eta Zepaiko auzoak berreskuratuko du orain arte erabili ezina zen gune oso handi bat, 5.000 metro karratu dauzka».
Sagar bilketa
Eskolan edo ostalaritza edo merkataritza lokaletan jaso eta idatzitako sagarrak ekainaren 4an bilduko ditu udalak. Herritarrek haien proposamenak eramango dituzte sagastira. Bi sagar tarta zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean, eta Xapobixi Aisi Elkarteak antolatutako ekintzak izango dira haurrentzat. Parte hartzeko dei egin die udalak herritarrei eta ikasleei. Bildutako proposamen eta informazioa irailetik aurrera aztertuko dute. «Prozesu luzea da eta bere denbora behar du», esan du Alazne Elorza dinamizatzaileak.