Euskaltzaindiak gidatuko du Ataungo toponimia sailkatzeko bekaduna
Lankidetza-hitzarmena sinatu dute udalak eta akademiak. Juan Arin Dorrontsorok bildutako izen ondarea atondu, eta datu-base onomastikoan txertatuko dute. Apalategi bekako epea 31 arte da
Ataungo Udalak 2021eko Joxemartin Apalategi bekarekin landuko duen gaia Euskaltzaindiaren lankidetzarekin burutuko du. Hitzarmena iaz sinatu zuten, baina atzo aurkeztu zuten Ataungo udaletxean Martin Aramendi eta Irati Arratibel udal kideek, eta Euskaltzaindiren Gipuzkoako arduradun Miriam Urkiak eta Onomastika batzordeko Luis Mari Zaldua euskaltzain urgazleak.
Juan Arin Dorrontsorok (1892-1972) bere bizitzan zehar bildutako Ataungo toponimo edo leku izenak sailkatzea, atontzea eta argitaratzea da Apalategi Bekaren aurtengo funtzioa. Astelehenean amaituko da proiektuak aurkezteko epea.
Zeregin horretan, Euskaltzaindiak zuzendaritza akademikoa emango du, eta bekadun izendatzen duten ikertzailearen gidari eta aholkulari Zalduak jardungo du. «Herrietako toponomia jasotzea ezinbestekoa da, herriak eta haren historiak iraungo badu. Baina jasotzea ez da aski, dokumentatu egin behar da, atondu, eta hizkuntzaren estandarretara ekarri, jendeak erabilgarri izango baldin badu», azaldu du Urkiak.
Euskaltzaindiak «gizarteari zerbitzua emateko duen bokazioa» aipatu du, udalarekin hitzarmena egiteko. «On Joxemiel euskaltzain ohoragarriaren herrira» pozik etorri direla gehitu du Urkiak, «lanera gatozelako, elkarlanean jardutera, indarrak batuta egiten delako bidea».
Datu-base onomastikoan
Arin Dorrontsororen lan zabala «altxor» eta «ondare» gisa izendatu dute udaleko eta akademiako kideek. Bere bizitzan Ataunen milaka leku izen bildu zituen. «Material toponimico izenburupean, Ataungo 8.700 bat toponimo bildu zituen, 25 karpetatan antolatu, eta beste hainbeste planotan kokatu zituenak. Guztien ahozko formak eta askoren idatzizko lekukotzak jasotzeaz gain, izen gehienen etimologiaren proposamena egin zuen. Urre gorrizko altxorra», ebatzi du Luis Mari Zalduak.
San Gregorioko Telleriazpi baserrian jaiotako etnografoan «lan garrantzitsuenetarikoa» dela dio Zalduak. «Argitaratze bidean dago orain, eta, horrekin batera, hil aurretik bere lagun eta auzoko zen Joxe Migel Barandiarani adierazi zion nahia betetzen hasi da». Argitaratzeko eskatuz eman baitzion hari.
Bekaren laguntzarekin 10.000 euroko diru hornikuntza eta urtebete inguruko epea du, Arin Dorrontsororen toponimoak sailkatu, atondu eta hizkuntzaren estandarretara bihurtuko dituzte. Ondoren, Euskaltzaindiaren onespena jaso ondoren, onomastika datu-basera gehitu dute Ataungo ondarea. «Corpus onomastikoa osatzera eta aberastera etorriko da Juan Arin Dorrontsororen toponimia lana ere. Euskaltzaindiaren zerbitzu bokazioarekin, jasotakoa estandarizatu eta berriro ere gizartearen esku jarrita», erantsi du Urkiak.
Euskararen esparruan
Ataungo alkate Martin Aramendik, bere aldetik, udala euskararen arloan egiten ari den ekimenen tartean sartu du Arinen ondarea sailkatzeko eta gizarteratzeko lana. Toponimia-lan guztiak jasota eta digitalizatuta daudela argitu du.
Euskaltzaindiarekin lankidetzan aritzea «ohorea ezezik ezinbestekoa» dela aitortu du. «Horrela bermatuta daukagu Ataunentzat hain garrantzitsua den lan hau ondo gauzatuko dela, ondo jasota geratuko dela, eta erabilgarri egongo dela nahi duen guztiarentzat».
Ataungo herritarrentzat ezezik, edozein euskaldunentzat baliagarri suertatuko da toponimia ondarea, Aramendiren iritziz: «Juan Arin Dorrontsorok lan ikaragarria egin zuen etxez etxe, auzoz auzo, lursailez lursail, izenak biltzen eta bakoitza zegokion lekuan kokatzen. Hark bildutako ondarean historia eta hizkuntza dago, eta horregatik da guretzat hain garrantzitsua ondo jasotzea eta erabilgarri uztea, bai guretzat, bai ondorengoentzat. Ez naiz ari ataundarrentzat bakarrik; hizkuntza, azken batean, guztiona da, eta euskara euskaldun guztiona da. Beraz, denontzat izango da onuragarria lan hau gazuatzea».
Arin Dorrontsoro, 11 urteko lanketa gazi-gozoa
Familiaren izenean, Jexux Arinek laburbildu du etnografoaren lana argitaratzeko bide luzea, ez beti erraza eta emankorra. Lehenik, 2009an, udalaren 9. Aztergai Bekarekin Izaskun Egigurenek liburua egin zuen,«berari buruz egin den lan bikainena eta sakonena», Jexux Arinen esanetan.
Hark bildutako materiala falta zen, ordea. 2010ean, udalak Aranzadirekin hitzarmena sinatu zuen horretarako, eta gazi-gozoa izan da emaitza sendiarentzat. «2017an, 125. urteko omenaldia zela eta, Aranzadikoek lortu zuten bilduta zituen lanak ateratzea. Baina hor gelditu zen, ez atzera eta ez aurrera. Toponimoak eta baserriena beste lauzpabost liburukitan atera behar ziren, eta ez zen ezer egin». Familia «etsita» dagoela erantsi du Aranzadirekin. Udala eta Euskaltzaindia eskertu ditu ekimen berriagatik.