Higienerako eskubidea aldarri
Hilekoaren higienerako eta pixa-oihalen bilketa egingo dute Goierrin, Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Ekintza Egunean. Hilekoaren pobreziari ikusgarritasuna ere emango diote.
H ilekoaren pobrezia honela definitzen da: Hilekoaren odol-jarioa jasotzeko produktu egokirik ez izatea, toki eta etxe batzuetan xaboirik eta edateko urik ez izatea, eta garbitzeko leku segururik eta saneaturik ez egotea. Hilekoaren pobrezia, «ez da soilik ekonomia kontua, baizik eta soziala, politikoa eta osasunekoa». Hilekoaren pobreziak «diru-sarrera txikiko emakume eta neskato askok hilekoaren produktuak erosten bizitzen duten borroka deskribatzen du».
Hala, egoera hori pairatzen ari diren eta bazterketa arriskuan daudenentzat, hilekoaren higienerako produktuak eta haurrentzako pixa-oihalak biltzeko kanpaina abiarazi du, Podemos Ahal Duguk, Gipuzkoako emakume elkarte eta beste eragile batzuekin elkarlanean Ordiziako Divinas Gipuzkoako Emakume Nigeriarren Elkartea eta Ordizia Kolore tartean. Bilketa bihar egiteak badu arrazoi bat; izan ere, Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Ekintza Eguna da maiatzaren 28a, eta egun horrekin batera, Hilekoaren Higienerako Nazioarteko Eguna ere bada.
Goierrin, puntu desberdinetan egingo dute bilketa: Ordiziako udaletxean, Eroski Cityn, Eroskin (San Bartolome) eta Carrefour Olaberrian. Konpresak, tanpoiak, kopak, pixoihalak eta hileroko higieneko era guztietako produktuak bilduko dira,
Zerrendatutako produktuen bilketa egiteko, aspalditik eragile desberdinak egiten ari diren eskaera bat egiteko ere baliatuko biharkoa; produktu horiei aplikatzen zaien BEZ-a, «%0 edo %4» izatea, zerga murriztua aplikatzea, alegia. Izan ere, hilerokoaren higienerako produktuek, gaur gaurkoz, %10 BEZ-a dute. «Hilekoaren higienerako produktuak premia handiko produktuak dira, eta, hala eta guztiz ere, ez dira halakotzat hartzen, luxuzko produktutzat hartzen dira».
Beste herrialde batzuetan bai eman da pauso hori. Zeelanda Berriak eta Eskoziak doan saltzen dituzte hilekoaren higienerako produktuak eraikin publiko guztietan. Frantzian, bertako unibertsitateetan doan saltzen dira, eta Kanadan BEZa % 0 da.
40 urtez, hilabetero
Gaur egun, 2020ko EUSTATen datuen arabera, 1.132.495 emakume daude EAEn, eta 12 eta 55 urte bitarteko emakume guztiek, gutxi gorabehera EAEko biztanleriaren % 30ek, hilabetero dute hilekoa.
Hilekoa «ez da zerbait intimoa edo emakumeen gauza bat» adierazi dute, bihar egingo den bilketa kanpainaren antolatzaileek. «Errealitate hori sozialki, kulturalki eta politikoki gizartearen berezkotzat hartu» behar dela iritzi dute. «Zerbaitegatik du zerikusia gure espeziearen ugalkortasunarekin eta ugalketarekin».
Hala ere, emakumea da barne-higieneko elementuak erostera «behartuta» dagoena: «Konpresak, tanpoiak, hileroko kopak, eta hilero, berrogei bat urtez, emakume izate hutsagatik, ordaindu behar dituen higiene-ohiturak eramatera behartuta dagoena, emakumea da».
Emakume askorentzat baina, horri aurre egitea ez da batere erraza, eta egoera horren arrazoiaren zer dagoen esatera ere ausartzen dira. Hilekoaren pobrezia, halaber, «hilekoaren hornidurek planteatzen duten finantza-kargaren ondorioz aurre egin beharreko kalteberatasun ekonomikoaren igoerari dagokio. Produktu horiek ez ezik, lotutako gastuak ere barne hartzen baitituzte, hala nola analgesikoak eta barruko arropa».
Hori eta, «desinformazioak, hezkuntza faltak, tabuak eta hilerokoaren inguruko mitoek, zaildu egiten du produktu merkeagoak eta jasangarriagoak (hilekoaren kopa eta oihal higienikoak) oro har erabiltzea», eta, ondorioz, «hilekoaren pobrezia hedatzea eragiten du!».
Pandemiak okertua
Osasun larrialdiak, egoera zaurgarrian dauden kolektiboei zuzenki eragin die, eta ondorioetako bat da, hilekoaren pobrezia ere areagotu duela. «Familia askok diru-sarrerak jasotzeari utzi eta oinarrizko beharrak asetzeko zailtasun handiak dituzte» eta «emakume askok, behar-beharrezko produktu horiek erosteko dirua, elikagaiak erostera bideratzea hautatu beharra dute».
Horregatik guztiagatik, garbi dute, hilekoaren pobrezia, «ahaztu ezin den gaia» dela, eta hori ekiditeko «politikak» egitea guztiz beharrezkoa dela.